GABON ZAHARRERAKO OTOITZA
Jauna, urte-bukaerako builan eta zorabioan sartu aurretik, zurekin egon nahi dut arrats honetan, patxadan eta astiro. Gutxitan egin ohi dut horrelakorik. Ondo dakizu zeuk ere ez dudala asmatzen jada otoitz egiten. Ahaztu egin ditut txikitan irakatsi zizkidaten otoitz haiek, eta ez dut ikasi beste modu biziago eta zehatz batean zurekin hitz egiten.
Jauna, izatez, ez dakit ziur zugan jada sinesten dudan ere. Hainbat gauza gertatu izan da azken urte hauetan! Hartaraino aldatu da nire bizitza eta hartaraino zahartu naiz barnean! Baina neure burua biziago sentitu nahi nuke eta zugandik hurbilago. Sinesteko laguntza izango nuke hori. Baina hain nekoso gertatzen zait den-dena!
Halaz guztiz, Jauna, zure beharra dut. Tarteka oso gaizki sentitzen naiz neure baitan. Urteak aurrera doaz eta bizitzaren higadura sumatzen hasia naiz. Kanpotik dena ondo doakidala ematen du: lana, familia, seme-alabak. Edozeinek senti lezake nirekiko inbidiarik. Baina ni neu ez naiz sentitzen hain ondo.
Joana da urte bat gehiago. Gauerdian urte berri bat hasiko dugu, baina badakit dena izango dela zaharra berri. Arazo berak, kezka berak, lan berak. Eta horrela, noiz arte?
Ai, zenbat nahi nukeen neure biziera barnetik eraberritzea! Neure baitan poz berri bat aurkitzea, beste indar bat egunero bizitzeko. Aldatzea, hobe izatea neure buruarekin eta besteekin. Baina nire adinean ezin espero daiteke aldaketa handirik. Jada eginegia nago biziera bati. Neuk ere ezin sinetsi dut neure eraldaketan.
Bestetik, ondo dakizu zuk nola uzten diodan eguneroko zalapartari arrastaka eraman nazan. Agian, horregatik ez dut topo egiten zurekin kasik behin ere. Zu nigan, baina ni mila gauzatan galdurik.
Ai, gutxienez nire adiskiderik hobena bezala sentituko bazintut. Batzuetan uste izaten dut dena aldaraziko lukeela horrek. Zer poza nirea, zure ikara bezalako hori sentituko ez banu!, ez dakit nondik nora datorkidan, baina zenbat urruntzen nauen zugandik!
Jauna, ezar ezazu ene bihotzean ezen zuk maitasuna eta txera senti dezakezula soilik nirekiko. Oroitaraz iezadazu ene barnean ezen zuk naizen bezala onartzen nauzula, nire eskastasuna eta guzti, nire bekatua eta guzti, eta maite nauzula nik aldatzera ez jo arren.
Jauna, badoakit bizitza eta, batzuetan, sentitzen dut ezen nire bekatu handia zugan eta zuren maitasunean ez sinestea dela. Horregatik, arrats honetan ez dizut eskatu nahi inolako gauzarik. Soilik, iratzar dezazula ene fedea, aski sakona, sinesteko, zu beti hurbil zaitudala eta bidelagun.
Urte berri honetan barna ez nadila zugandik urrundu. Izan nadila gai zu aurkitzeko nire sufrimenduan eta nire alaitasunean. Orduan, apika, aldatuko naiz. Urte berri izango da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain