JAINKOA ADORATZEN IKASI
Gaur egun asko hitz egiten da fede-krisialdiaz, baina doi-doi esaten da ezer sentimendu erlijiosoaren krisialdiaz. Eta, halaz guztiz, teologo batek iradoki duenez, gaur egungo gizakiaren drama ez da, agian, beraren sinestezina, baizik eta beraren zailtasuna Jainkoa Jainko sentitzeko. Are gehiago, beren burua fededun aitortzen dutenak berak ere, ematen duenez, Jainkoaren aurrean zenbait jarrera erlijioso bizitzeko beren gaitasuna galtzen ari dira.
Adibide argi bat Jainkoa adoratzeko zailtasuna da. Duela ez asko, ematen zuen gauza erraza zela begirunea eta adorazioa sentitzea Jainkoaren handitasunaren eta misterio ezin atzemangarriaren aurrean. Gaur egun zailagoa da, izaki arrotz, ez-eroso eta alferrikako bihurtu dugun hori adoratzea.
Jainkoa adoratu ahal izateko, beharrezkoa dugu sorkari garela sentitzea, beraren aurrean geure burua infinituki txiki sentitzea, baina beharrezkoa era berean berak infinituki maite gaituela uste izatea; beharrezkoa dugu, beraren handitasun sumaezina mirestea eta izaki oro bil-biltzen duen beraren presentzia hurbila eta amodiotsua dastatzea. Adorazioa mirespen da. Maitasun eta buru-eskaintza da. Geure izatea Jainkoari itzultzea da, eta beraren aurrean isiltasun esker oneko eta gozoan gelditzea, beraren misterioa geure txikitasunetik miretsiz.
Adoratzeko gure zailtasuna erro desberdinetatik dator. Zarata-mota desberdinengatik eta zirrara pasakorrek astindurik, inoiz ere funtsezkoari begira gelditu gabe, barnez erdi zoraturik bizi denak, nekez aurkituko du Jainkoaren «aurpegi adoragarria».
Bestalde, Jainkoa adoratu ahal izateko, beharrezkoa da munduaren misterioaren aurrean geldialdi bat egin eta beroni maitasunez begiratzea. Bizitzari hondoraino maitasunez begiratzen diona, Jainkoaren aztarnak sumatzen hasiko da, uste baino lehen. Jainkoa bakarrik da adoragarri. Ez gauzarik baliotsuenak, ez pertsonarik maiteenak dira duin Jainkoa bezala adoratuak izateko. Horregatik, barnez pertsona aske denak adora dezake Jainkoa egiaz.
Jainkoa adoratze honek ez du urruntzen inor mundu honetako konpromisotik. Jainkoa adoratzen duenak gizakia, Jainkoaren «irudi sakratu hori», suntsitzen duen ororen aurka egiten du borroka. Kreatzailea adoratzen duenak errespetua dio kreazioari eta defenditu egiten du. Hertsiki baturik daude adorazioa eta solidaritatea, adorazioa eta ekologia. Ondo ulertzen dira Teilhard de Chardin zientifiko handi eta mistikoaren hitz hauek: «Zenbat eta gizakiago egin gizakia, gehiago sentituko du adoratu beharra».
Magoen pasadizoak benetako adorazio-eredua eskaintzen digu. Jakintsu hauek badakite kosmosari hondoraino begiratzen, badakite seinaleak sumatzen, badakite Misteriora hurbiltzen eta beren omenaldi apala eskaintzen gure existentzian haragi egin den Jainkoari.
Fededunok askotariko irudiak dauzkagu Jainkoaz. Haurtzarotik hartaz nor bere ideia eginez bizi ohi gara, baldintzaturik, batez ere, katekistei eta predikariei entzuten diegunak, etxean eta ikastetxean eskualdatu digutenak edota ospakizun eta egintza erlijiosoetan entzun izan digunak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain