GURUTZEA LEPOAN HARTU
Kristau bihurtzen gaituena Jesusi jarraitzea da. Ez beste ezer. Jesusi jarraitze hau ez da gauza teoriko edo abstraktua. Beraren urratsei jarraitzea esan nahi du, bera bezala konprometitzea «bizitza gizatiartzen», eta horrela bizitzea parte hartuz Jainkoa eta beronen zuzentasuna nagusi izango dituen munduaren egitasmoa pixkana gauzatuz joan dadin.
Honek esan nahi du ezen Jesusen jarraitzaileok deituak garela egia ezartzera gezurra den lekuan, zuzentasuna ezartzera ahulenak direnentzat abusuak eta krudeltasuna dauden lekuan, gupida eskatzera sufritzen ari direnentzat axolarik eza dagoen lekuan. Eta honek guztiak elkarteak eratzea esan nahi du, Jesusen egitasmoa biziko dutenak beren espirituaz eta beren jarreraz.
Jesusi horrela jarraitzeak berekin dakartza gatazkak, problemak eta sufrimenduak. Prest egon behar du kristauok erreakzioak eta aurkaritza jasateko, arrazoi batengatik edo besteagatik, mundu gizatiarragorik, Jesusengan haragitu den Jainko horrek nahi duen bezalakorik, nahi ez dutenen aldetik etorriak. Beste zerbait nahi dute.
Ebanjelioek Jesusek bere jarraitzaileei egindako dei errealista bat jaso dute. Irudiari darion alde eskandalagarria beragandik bakarrik etor daiteke: «Norbaitek nire ondoren etorri nahi badu… har beza lepoan bere gurutzea eta jarrai biezat». Jesusek ez ditu engainatzen. Benetan jarraitzen badiote, beraren zoria partekatu beharko dute. Berak bezalako azkena izango dute. Hori izango da beraien segimena fidela delako froga.
Jesusi jarraitzea eginkizun zirraragarria da: zail da imajinatzea bizitza duinago eta jatorragorik. Baina bere ordaina du horrek. Jesusi jarraitzeko garrantzizkoa da «egitea»: mundu zuzenago eta gizatiarrago bat egitea; Jesusi leialagoa eta ebanjelioarekin koherenteagoa den Eliza bat egitea. Halaz guztiz, hori bezain garrantzizkoa eta garrantzizkoagoa da «jasatea»; mundu duinago batengatik jasatea; Eliza ebanjelikoago batengatik jasatea.
Bere bizitzaren azken aldean, Karl Rahnerrek idatzi zuen: «Uste dut kristau izatea eginkizun xinplea dela. Xinpleena eta, aldi berean, ebanjelioak aipatzen duen «zama arin» astun hura. Zuk lepoan hartzen duzunean, berak zaitu hartzen zu lepoan, eta zenbat eta luzeago biziko zaren, hainbat eta astunagoa eta arinago izango duzu hura. Azkenean misterioa gelditzen da soilik. Baina Jesusen misterioa da».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain