GURUTZILTZATUEKIN
Mundua kristau-elizaz betea dago, Gurutziltzatuaren irudia buru dutela. Betea dago orobat sufritzen ari diren pertsonez: zoritxarrak, zuzengabekeriak eta ahazteak gurutziltzatu dituenez betea. Zaintzarik gabeko gaixoak dira, tratu txarra jasan duten emakumeak, ezikusia egiten zaien adin handikoak, haur bortxatuak, paperik eta etorkizunik gabeko etorkinak. Eta jendea, jende asko, goseak eta miseriak joa mundu osoan.
Zaila da imajinatzea gurutze hori, kristauek alde guztietan zutitua den hori, baina esperantza handiagoz betea den sinbolorik: Jainko gurutziltzatu baten «oroitzapen» hunkigarria da, eta gure munduan zuzengabeki sufritzen ari diren errugabeekin identifikatzen delako oroitzapen iraunkorra.
Gurutze horrek, gure gurutzeen artean zut, Jainkoa gurekin sufritzen ari dela gogoratzen digu. Jainkoari mina ematen dio Kalkutako haurren goseak, sufritzen ari da Iraken asasinatuak eta torturatuak izan direnekin, negar dagi eguna joan eguna etorri beren etxean tratu txarra jasaten ari diren emakumeekin. Ezin dugu argitu hainbat gaitzen hondo-hondoko sustraia. Eta, jakingo bagenu ere, ez liguke on handirik egingo. Dakigun gauza bakarra, Jainkoa gurekin sufritzen ari dela da. Ez gaude bakarrik.
Baina sinbolorik bikainenak ere geldi daitezke galdurik, beraien egiazko edukia behin eta berriz berreskuratzen ez badugu. Zer esan nahi du Gurutziltzatuaren irudiak, hain bertakoa gure artean, beraren aurpegian markaturik ikusten ez baditugu Jainkoaren hainbat seme-alaben sufrimena, bakardadea, tortura eta sumindura?
Zer zentzu du geure bularrean gurutze bat eramateak, gauza ez bagara geure ondoan sufritzen ari den hainbat pertsonaren gurutzerik txikiena ere leporatzeko? Zer esan nahi dute Gurutziltzatuari emandako gure musuek, zer esan nahi dute, guregan esnatzen ez badute gurutziltzaturik bizi direnei agertutako txerarik, harrerarik eta hurbiltzerik?
Gurutziltzatuak beste inork ez bezala kentzen die mozorroa gure gezurrari eta koldarkeriari. Gurutzeko isiltasunetik, bera da gure fedea burgestearen, geure burua ongizateari egokitzearen eta sufritzen ari direnen aurrean bizi dugun axola-gabeziaren epailerik irmo eta otzanena. «Jainko gurutziltzatu» baten misterioa gurtzeko, ez da nahikoa Aste Santua ospatzea; beharrezkoa da, gainera, gurutziltzaturik bizi direnengana hurbiltzea, astea joan astea etorri.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain