JESUSI JARRAITU FAMILIATIK
Posible al da familian Jesusi jarraitzeko erabakia hartzea? Ez da gauza erraza. Aurrez prestatzea eskatzen duen erabakia da, mantso-mantso heldutasunera eraman behar dena, familiako guztiak errespetatuz; izan ere, azken batean, bakoitzaren erabaki pertsonala da. Guraso fededunak dira lehen erantzuleak giro egokia sortzeko.
Hasieratik garbi izan behar dugu ezen Jesusi jarraitzea ez datzala eredu bat kopiatzean, iraganeko Maisu baten ezaugarriak era pasiboan eta haur-eran berreginez, inolako sormen edo kreazio-lanik gabe. Abentura grinatsuagoa da. Ebanjelioak ez dira mintzo, inoiz ere, Jesus imitatzeaz, baizik eta Jesusi jarraitzeaz. Jesus ez da ispilu bat, baizik eta bide bat. Jesus berpiztua bizirik dago gure artean, familiaren erdi-erdian. Are gehiago, Jesusen Espiritua gutako bakoitzaren barnean dago, gure bizitza sostengatuz, arnastuz eta inspiratuz. Berari jarraitzeko deia era kreatzailean entzun behar dugu, beti beraren indarrean konfiantza jarriz.
«Jesusi jarraitzea» metafora bat da: bere ikasleen aurretik, beti urrats batzuk aurrerago, bide egiteko zuen ohituratik hartua. Horregatik gogoratzen digute ezen Jesusi jarraitzeak «urratsak egitea» eskatzen duela: lehen erabaki bat hartzea, bideari ekitea, Ebanjelioak gida gaitzan uztea, erortzen garenean zutitzea, galdu garenean berriro norabidetzea… Jesusi errealismoz jarraitzea sustatzeko edo eragiteko, uste dut, Ebanjelioa familian irakurtzeko ohitura berreskuratu beharra dugula, lehenik gurasoen artean, gero, ahal bada, seme-alabekin.
Ebanjelioak ez dira liburu didaktikoak, Jesusez doktrina adierazten dutenak. Ez dira kristau-ikasbide. Ebanjelioan ikasten den lehenengo gauza Jesusen bizitzeko era da: munduan egoteko beraren era, bizitza gizakoiago egiteko beraren era, beraren pentsaera, sentiera, maitatzeko era, sufritzeko era.
Ikasle eta jarraitzaile berriak sustatzeko idatzi zituzten ebanjelioak. Aldatzera gonbidatzen gaituzten kontakizun dira, Jesusi hurbiletik jarraitzera, beraren asmoarekin bat egitera, erreinuari bidea urratuz beraren lankide izatera gonbidatzen gaituztenak. Horregatik behar ditugu irakurri, hausnartu eta partekatu, aldatzeko eta konbertitzeko prozesuan sartzeko Jainkoak egin digun deia entzunez.
Ez dezagun uste izan gauza korapilatsu bat direla. Kontua da, kontakizunak mantso irakurri behar direla, Jesusi berari inportantzia emanez; ondo erreparatuz hark esaten eta egiten duenari. Ondoren, guztion artean, elkarri laguntzen ahalko diogu galdera batzuk eginez: zein egia irakasten edo gogoratzen digu Jesusek bere jardueraz? Zertara dei egiten digu? Nola animatzen eta arnasten gaitu bere hitzez?
Jesusi benetan jarraitzen orduan hasten da familia: Ebanjelioaren egia etxean sartzen hasten denean. Ez genuke beldur izan behar gauzei izen bat jartzeaz. Ausartu beharra dugu bereiztera: zer dagoen ebanjelioaren egiatik eta zer ebanjelioaren kontrakorik familiaren ohituretan, bizikidetasunean, keinuetan, bizitzeko eran. Ez, noski, batak besteari erruak botatzen hasteko, baizik eta Jesusen erara bizitzera animatzeko.
Jose Antonio Pagola, Dejar entrar en casa a Jesús
PPC, Madrid 2018, 88-91
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







