FINKO KOKATZEAREN ARRISKUA
Goiz edo berandu, denok izaten dugu bizitzan finko kokatzeko arriskua, babesleku eroso baten bila, lasai bizitzeko aukera emango diguna, asaldatzerik eta gehiegizko kezkarik gabe, beste edozein asmo edo helbururi uko eginez.
Jadanik hein bateko arrakasta profesionala lorturik, familia bideraturik eta etorkizuna, nolabait, ziurtaturik, erraza izaten da konformismo eroso batek, bizitzan modurik patxadazkoenean bide egiten utziko digunak, harrapa gaitzan uztea.
Atmosfera atsegin eta onargarria bilatzeko unea izaten da. Ingurumari zoriontsu batean erlaxaturik bizitzeko. Etxea babesleku gogo-gogokoa bihurtzeko, irakurtzeko eta musika entzuteko txoko. Opor onak dastatzeko unea. Asteburu atseginak segurtatzeko… unea.
Sarritan, ordea, orduantxe aurkitzen du pertsonak inoiz baino argiago zoriontasuna ez datzala ongizatean. Biziera horretan zerbait falta izaten da, hutsik eta ase gabe uzten gaituena. Diruz erosi ezin den zerbait, biziera erosoaz segurtatu ezin den zerbait. Soil-soilik poza falta izaten da, gainerakoen problemen eta premien aurrean dar-dar egin ohi duenaren poza, premian direnekin solidario sentitzen denaren eta gizarteak tratu txarra ematen dienen hurbil bizitzen dakienaren poza.
Baina bada, gainera, «finko kokatzeko» modu bat, kristau-kutsuekin faltsuki indartu ohi dena. Pedroren beti-betiko tentazioa da, kristauok etengabe zelatatzen gaituena: «kanpadendak eraikitzekoa mendi gainean». Hau da, barneko geure ongizatea erlijioan bilatzekoa, bizikidetasun gizatiarrago bat lortzeko geure erantzukizun indibidual eta kolektiboari ihes eginez.
Halaz guztiz, argia da Jesusen mezua. Esperientzia erlijioso bat ez da egiaz kristau-esperientzia anai-arrebengandik aldentzen bagaitu, bizitzan finko eta eroso kokatzen bagaitu eta premiarik handiena dutenengandik aldentzen.
Jesusi entzuten badiogu, geure konformismotik irteteko gonbita sentituko dugu, agian kokaleku atsegin bihurturik dugun geure biziera hausteko gonbita, eta geure gizarteko babesgabeena den jendeagandik iristen zaigun interpelazioari adiago bizitzen hasteko gonbita.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain