MISTERIOAREN AURREAN BIZI
Gizaki modernoa hasia da sentitzen asegabetasun bat, bihotzean eragiten diotenak dira gabeziak: barneko hustasuna, egunerokotasunaren arrunkeria, gure gizartearen azalkeria, Misterioarekin komunikaezina.
Aski jende da sentitzen dutena, batzuetan era lauso eta nahasian, beste batzuetan era argi eta ukigarrian, etsipen bat edo desengainu ezin aitortu bat gaurko gizarte honen aurrean: pertsonari nortasuna kamusten dion, barnea hutsik uzten dion eta Tranzendenteari irekitzeko ezgai bihurtzen duen gizarte honen aurrean.
Deskriba erraza da gizadiak egin izan duen ibilbidea: ikasiz joan da, gero eta efikazia handiagoz, arrazoimenaren tresna erabiltzen; metatuz joan da datu-kopuru bat gero eta handiagoa; sistematizatu egin ditu bere ezagutzak gero eta zientzia korapilatsuenetan; zientziak teknika gero eta boteretsuago bihurtzen joan da, mundua eta bizia dominatzeko.
Mendetan barna egindako ibilbide grinatsu honek bere arriskua du. Oharkabean sinestera iritsi gara ezen arrazoiak erabateko askatasunera eramango gaituela. Ez dugu onartzen Misterioa. Halaz guztiz, Misterioa presente dago gure bizitzaren hondorik sakonenean.
Gizakiak den-dena ezagutu eta dominatu nahi du. Baina ezin ezagutu eta dominatu du, ez bere jatorria, ez bere azken zoria. Eta arrazoizkoena izango litzateke aitortzea ezen gainditzen, tranzenditzen, gaituen zerbaitek bil-bil eginik gauzkala: apal-apal Misterioaren horizontepean ibili beharrean gara.
Jesusen mezuan gonbit eskandalagarri bat dago entzumen modernoarentzat: den-dena ez da arrazoipeko. Gizakiak ikasi beharra du Misterioaren aurrean bizitzen. Eta Misterioak izen bat du: Jainkoa, gure «Aita», harrera egiten diguna, anai-arreba bezala bizitzera gonbidatzen gaituena.
Hau dugu, agian, geure problemarik handiena: ezgai bihurtu garela otoitz egiteko eta Aita batekin solaskide izateko. Umezurtz gara eta ez dugu asmatzen anai-arreba bezala bizitzen. Gaur ere, ordea, hodei artean eta ilunpean, entzun daiteke deika segitzen duen ahotsa: «Hau nire Semea da. Entzun iezaiozue».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain