MAITASUNA EZIN EROSI DA
Jesusek, Jerusalemgo Tenpluan sartu denean, ez du aurkitu han Jainkoaren bila dabilen jenderik, baizik eta salerosketa erlijiosoa da guztia. «Saltzaileen eta trukatzaileen» aurka agertu duen erreakzioa, erlijioa merkatu bihurturik topatu duen profetarena izan da.
Tenplu hura, Jainkoaren aintza eta beraren maitasun fidela agerian jartzeko leku izatekoa zena, engainu eta abusu-zoko bihurtu dute, non diru-gosea eta salerosketa probetxugarria baitira nagusi.
Jesus ezagutu dezana ez da harrituko Jesusen haserre-suminaz. Jesusen mezuaren muinean berean etengabe zerbait ageri bada, Jainkoaren doakotasuna da, bere seme-alabak mugarik gabe maite baititu eta beraiengan maitasun haurridetsua edo anai-arreba artekoa eta solidarioa ikusi nahi baitu soil-soilik.
Horregatik, bizitza bat merkatu bihurtua, non den-dena erostea eta saltzea baita —Jainkoaren misterioaren harremanei dagokienean ere—makurkeriarik handiena da, Jesusek eragindako nahi hura suntsitzeko. Egia da gure bizitza trukaketaz eta elkarrekiko zerbitzuaz bakarrik garatu dezakegula. Denok bizi gara emanez eta hartuz. Honetan datza arriskua: gure harremanak salerosketa probetxugarrira murriztean, uste izanik, bizitzan den-dena saltze eta eroste hutsa dela, besteen bizkar probetxurik handiena ateraz.
Kasik konturatu gabe, «saltzaile eta trukatzaile» bihur gaitezke, tratuan aritzea beste ezer egiten ez dakigularik. Gizon-emakume, maitatzeko ezgai, beren bizitzatik ematea den guztia haizatu dutenak.
Orduan erraz gerta daiteke Jainkoarekin berarekin ere tratuan bizi nahi izateko tentazioa. Kultu bat eskaintzen zaio berarekin ondo gelditzeko, mezak ordaintzen dira edo promesak egiten beragandik mesederen bat lortzeko, errituak betetzen dira bera geure alde edukitzeko. Gauzarik larriena Jainkoa maitasun dela ahaztea da, eta maitasuna ezin erosi da. Zerbaitegatik esaten zuen Jesusek Jainkoak «maitasuna nahi duela eta ez opariak».
Agian, gaur egun Elizan entzun beharreko lehenengo gauza, Jainkoa doakotasun dela entzutea da. Merkatu bihurtua den gure mundu honetan, non den-dena eskakizun, eroste eta irabazte baita, doakotasuna bakarrik gerta daiteke liluragarri eta harrigarri, hori baita maitasunaren egiazko seinalea.
Fededunok adiago eta erneago bizi beharko genuke doako maitasun den Jainkoa ez desitxuratzeko, bera geure neurriko bihurtu nahiz: gure bizitza merkaturatu hau bezain triste, egoista eta kaskar.
«Graziaren sentipena» ezagutu eta noiz edo noiz Jainkoaren maitasun harrigarria esperimentatu duena, gonbidaturik sentitu ohi da Jainkoaren doakotasuna irradiatzera; eta delako pertsona hori, segur aski, gure gizarte honetan, zeinetan hainbat jende hiltzen baita bakar utzirik, asperturik eta maitasun-faltaz, zerbait onik eta berririk txertatzeko gai izango da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain