GURUTZILTZATUARI BEGIRA JARRI
Joan ebanjelaria Jesusek Nikodemo izeneko fariseu ospetsu batekin bizi izandako topo egite arraro batez mintzo zaigu. Kontakizunaren arabera, Nikodemo izan da iniziatiba hartu eta Jesusengana «gauez» joan dena. Sumatu du Nikodemok «Jainkoagandik etorritako gizona» dela Jesus; halere, ilunpean bizi da bera. Argira gidatuko du Jesusek.
Jesusekin zinez nola topo egingo dabilen oro ordezkatzen du Nikodemok kontakizunean. Horregatik, halako batean, Nikodemo kontakizunean eszenatik ezkutatu egin da, eta Jesusek bere hitzaldia jarraitu du, gonbit orokor bat eginez, ilunpean bizi ez gaitezen, baizik eta argi bila ibili.
Jesusen arabera, den-dena argitzen ahal duen argia Gurutziltzatuagan dago. Ausarta da baieztapena: «Hainbeste maite zuen Jainkoak mundua bere Seme bakarra eman baitzuen beronengan sinesten dutenetako inor gal ez dadin, baizik eta denek betiko bizia izan dezaten». Ikusi ahal genezake Jainkoaren maitasuna eta sentitu gizon horrengan, gurutzean josia den horrengan?
Txikitatik gurutzea alde guztietan ikustera ohiturik, ez dugu ikasi Gurutziltzatuari aurpegira begira fedez eta maitasunez egoten. Gure begiak, zabarturik, ez dira gai aurpegi horretan argia ikusteko, gure bizitza une latz eta zailean argitzen ahal lukeena. Halaz guztiz, Jesus gurutzetik bizi- eta maitasun-seinaleak bidaltzen ari zaigu.
Zabalik dituen beso horietan, jadanik ezin besarkatu dituzte haurrak, eta esku iltzatu horietan, jadanik ezin ferekatu dituzte lepradunak ezta bedeinkatu ere gaixoak, Jainkoa dago, besoak zabal-zabal, gure bizitza pobrea, hainbeste sufrimenduk hautsia, onartu, besarkatu eta sostengatzeko.
Heriotzak itzalitako aurpegi horretatik, bekatariei eta prostituituei samurkiro begira jadanik ezin jarri diren begi horietatik, hainbat eta hainbat abusu eta zuzengabekeriaren biktimengatik jadanik sumindura-oihurik ezin egin duen aho horretatik, Jainkoa gizadiaz duen bere «maitasun zoroa» agertzen ari zaigu.
«Jainkoak bere Semea bidali zigun mundura, ez mundua juzkatzeko, baizik eta beraren bidez mundua salba dadin». Harrera ona egiten ahal diogu Jainko horri eta uko ere egiten ahal diogu. Inork ez gaitu behartzen. Gu geu gara erabaki behar dugunak. Baina «argia etorri da jadanik mundura». Zergatik egiten diogu uko hainbat aldiz, Gurutziltzatuagandik datorkigun argiari?
Berak jar lezake argia bizitzarik zoritxarrekoenean eta porrot handiena egina duenagan; baina «gaizki diharduena… ez da argira hurbiltzen, bere egintzek berek salatzen dutela ikusi nahi ezta». Era ez oso egoera duinean bizi ohi garenean, iskin egiten diogu argiari, Jainkoaren aurrean gaizki sentitzen garelako. Ez dugu jarri nahi izaten Gurutziltzatuari begira. Aitzitik, «egia egiten duena hurbiltzen da argira». Ez du ilunera ihes egiten. Ez du zer ezkutaturik izaten. Bere begiez Gurutziltzatuaren bila ibili ohi da. Honek biziarazten du nornahi bere argian.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






