GURE ESPERANTZA
Harrigarria da Lazaro piztearen kontaera. Alde batetik, Jesus ez digute azaldu inoiz ere une honetan bezain gizatar, hauskor eta bihozkoi, bere adiskiderik hobenetako bat hil zaionean. Bestetik, ez gaituzte gonbidatzen inoiz ere hain zuzenean beraren indar salbatzaileagan sinestera: «Ni naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duena, hiltzen bada ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?».
Jesusek ez du ezkutatu Betaniako hiru anai-arreba hauekiko txera, zeinek, segur aski, Jerusalemera etortzen den guztietan onartzen baitute etxean. Behin batean Lazaro gaixotu da, eta beraren arrebek mandatua bidali diote Jesusi: gure anaia, «hainbeste maite duzuna», gaixo dago. Jesus herrixkara iritsi denean, Lazarok lau egun du hobiraturik. Eta ezin itzuliko dio bizia inork ere.
Familia jota dago. Jesus aurkeztu denean, Mariak negarrari eman dio. Ezin kontsolatu du inork ere. Bere adiskide horren negarra ikustean, Jesusek ezin eutsi dio eta negarrari ematen dio berak ere. Bihotza zartatu zaio heriotzaren aurrean guztien ezina sumatzean. Nork kontsola gaitzake?
Bada gugan bizi-desira aseezin bat. Egunak eta urteak egiten ditugu bizitzeko. Zientziara jotzen dugu eta, batez ere, botikara bizitza biologiko hau luzatzeko, baina beti iristen da azken gaixotasun bat, inork sendatuko ez duena.
Ez liguke balioko bizitza hau beti bizi ahal izateak. Izugarria izango litzateke mundu zaharkitu bat, zaharrez betea, gero eta tarte gutxiagokoa gazteentzat, mundu bat zeinetan ez balitzateke bizitza eraberrituko. Antsiatzen duguna, beste bizi bat da, oinazerik eta zahartzarorik gabea, goserik eta gerlarik gabea, bizitza guztiz zoriontsua guztientzat.
Gaur egun gizarte batean bizi gara, Zygmunt Bauman poloniar soziologoak honetan deskribatu duena: «gizarte bat ziurtasunik gabea». Inoiz ez zuen izan gizakiak horrenbesteko ahalmenik biziera zoriontsuago baterantz jotzeko. Eta, halere, agian gizakia inoiz ez da sentitu hain ahaltasun gabe etorkizun ziurtasun gabeko eta mehatxagarri baten aurrean. Zertan jar genezake esperantza?
Aldi guztietako gizon-emakumeak bezala, geu ere ilunak inguraturik bizi gara. Zer da bizitza? Zer da heriotza? Nola bizi behar dugu? Nola hil behar dugu? Lazaro piztu aurretik, hitz hauek esan dizkio Jesusek Martari, Jesusen jarraitzaile guztientzat erronka erabakitzaile direnak: «Ni naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duena, hiltzen bada ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?».
Duda-mudak, iluntasunak eta guzti, kristauok Jesusengan, biziaren eta heriotzaren Jaun horrengan, sinesten dugu. Beragan bakarrik bilatzen ditugu argia eta indarra biziaren alde borroka eta heriotzari aurre egiteko. Beragan bakarrik aurkitzen dugu bizi-esperantza bizitza baino harago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain