LEGE PARADOXIKO BAT
Ebanjelioan esaldi gutxi aurkitzen ditugu oso Jesusena den konbentzimendu hau adierazten duten hauek bezain desafiatzaile: «Nik diotsuet ezen gari alea lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor gelditzen dela; baina hiltzen bada, fruitua ugari ematen duela».
Argia da Jesusen ideia. Gari-alearekin bezala gertatzen da gure bizitzarekin: hil beharra du bere energia guztia liberatu eta egun batean fruitu emango badu. «Hiltzen ez bada» lur azalean gelditzen da. Aitzitik, «hiltzen bada» berriro zutitzen da ale berria eta bizi berria dakartzala.
Hain grafikoa eta gihartsua den hizkuntza honekin, Jesusek sumarazten digu beraren heriotza, porrot bat izan ordez, askoz gutxiago ere, beraren bizia emankor egingo duena izango dela, hain justu. Baina, aldi berean, lege paradoxiko honen arabera bizitzera gonbidatu ditu bere jarraitzaileak: bizia emateko «hil» beharra dugu.
Ezin sortu dugu bizirik nork berea eman gabe. Ezin lagundu diogu bizitzen inori, prest ez bagaude besteengatik gorriak eta bost ikusteko. Ezin egin dugu lan mundu zuzenago eta gizatiarrago baten alde nor bere ongizateari atxikirik bizi bagara. Inor ez Jainkoaren erreinuaren eta hartako zuzenaren aldeko langile, prest ez badago Jesusek jasan zituen arriskuak eta ukoak, gatazka eta pertsekuzioa bere egiteko.
Sufrimenduei eta problemei nola ihes egingo ematen dugu geure bizitza. Ongizatearen kulturak bizitza ahalik erarik erosoenean eta atseginenean antolatzera eragiten digu. Hori da xederik altuena. Alabaina, bada baitaratu, onartu, beharreko sufrimen eta ukapenik, geure bizitza emankor eta kreatzaile izatea nahi badugu. Hedonismoa ez da indar eragile eta mugigarri; norberaren ongizatearen obsesioak txikiagotu egiten du pertsona.
Bizitzen ohitzen ari gara gainerakoen sufrimenari ezikusiarena eginez. Ematen du, horixe dela zoriontsu izateko jokabiderik burutsuena eta zentzuzkoena. Oker handia da. Dudarik gabe, lortuko dugu problema eta atsekabe batzuk saihestea; baina gure ongizatea gero eta hutsalago eta agorragoa izango da, gure erlijioa gero eta tristeago eta egoistagoa. Bitartean, jende zapaldu eta atsekabetua beraren oinazea inori axola zaion jakin nahian bizi da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain