BEHARREZKOA AL DA HIRUTASUNEAN SINESTEA?
Beharrezkoa al da Hirutasunean sinestea?, posible al da?, on al da zerbaitetarako?, ez ote da beharrezkoa ez den eraikuntza intelektual huts bat?, aldatzen al du zerbaitetan gure fedea Jainko hirukoitzean ez sinesteak? Duela bi mende, Emmanuel Kant filosofo ospetsuak idatzi zuen hau: «Ikuspegi praktikotik hartuta, Hirutasunaren doktrina gauza guztiz alferra da».
Ezer ez errealitatetik urrunago. Hirutasunean sinesteak Jainkoaz dugun ikuspegia ez ezik, bizitza ulertzeko dugun modua ere aldatu egiten du. Jainkoaren Hirutasuna aitortzea Jainkoa elkartasun edo komunio eta maitasun-misterio dela sinestea da. Jainkoa ez da izaki hesitu eta atzeman ezineko bat, ezta mugiezin eta axolagabe bat ere. Jainkoaren barnetasun misteriotsua maitasun da soilik, komunikazio da soilik. Ondorioz, errealitatearen azken hondoan, gauza orori zentzua eta existentzia emanez, ez dago Maitasuna baizik. Existitzen den oro Maitasunetik dator.
Aita, jatorriz da Maitasun, maitasun ororen iturburu. Berak eman dio hasiera maitasunari. «Bera bakarrik hasi da motiborik gabe maitatzen; are gehiago, bera da betitik maitatzen hasia dena» (Eberhard Jüngel). Aitak betitik maite du eta betiko, inork eta ezerk kanpotik behartu eta motibatu gabe. «Betidaniko Maitalea da». Maite du eta maitatzen jarraituko du beti. Ez gaitu inoiz ere bere maitasunik eta leialtasunik gabe utziko. Maitasuna bakarrik dario berari. Ondorioa: beraren irudira kreaturik garelarik, maitatzeko kreatuak gara. Maitatuz bakarrik asmatuko dugu existitzen.
Semearen izatea Aitagandik maitasuna hartzean datza. Semea da «betidanik Maitatua dena», mundua kreatu aurretik. Onartzen duen Maitasun da Semea, betidaniko erantzuna Aitaren maitasunari. Jainkoagan, maitatua izaten uztea ez da maitatzea baino gutxiago. Maitasunari harrera egitea ere jainkozko egintza da! Ondorioa: Jainkoaren irudira kreatuak garelarik, kreatuak gara, ez bakarrik maitatzeko, baita maitatuak izateko ere.
Espiritu Santua Aitaren eta Semearen elkartasuna edo komunioa da. Aita maitalearen eta Seme maitatuaren arteko betidaniko maitasuna da bera; berak errebelatzen digu Jainkoaren maitasuna ez dela Aitaren jabetza jeloskorra, ezta Semearen monopolizatze egoista ere. Egiazko maitasuna irekitasuna da beti, dohaina, gainez dagien komunikazioa. Horregatik, Jainkoaren Maitasuna ez da beraren baitan gelditzen, baizik eta komunikatu egiten da eta hedatu beraren sorkarietara. «Jainkoaren maitasuna gure bihotzera isuri du emana dugun Espiritu Santuak» (Erromatarrei 5,5). Ondorioa: Jainkoaren irudira kreatuak garelarik, elkar maitatzeko kreatuak gara, itxura hutseko maitasun egoistak pilatzen eta geure burua haietan hesitzen ibili gabe.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







