JESUSEK IREKITAKO BIDEA
Kristau betetzaile ez gutxik «betebehar» edo «obligazio» huts bezala hartzen du bere fedea. Badu onartu «beharreko» sineskizun-multzo bat, nahiz ez duen ezaguna beraien edukia eta ez dakien bere bizitzarako zer probetxu duten; badu bete «beharreko» lege-kode bat ere, nahiz ez duen ondo ulertzen Jainkoaren izenean emandako hainbat eskakizun; baditu, azkenik, «bete beharreko» jarduera erlijioso batzuk, ohikeriaz beteko baditu ere.
Fedea horrela ulertu eta horrela bizitzeak kristau-mota aspergarri bat sortzen du, Jainkoaren desiorik gabea eta sormenik gabea eta bere fedea kutsatzeko grinarik ez duena. Aski du «betetzea». Erlijio hau, jakina, ez da batere erakarle; jasateko zail den zama bihurtzen da; alergia eragiten dio ez jende gutxiri. Ez zebilen desbideraturik Simone Weil idatzi zuenean: «Jainkoarekin topo egiteko gogoa falta denean, han ez da fededunik, baizik eta Jainkoagana beldurrez edo probetxu bila jotzen duen jendearen karikatura pobre bat bakarrik».
Lehen kristau-elkarteetan beste modu batean bizi zuten sinesmena. Kristau-fedea ez zuten hartzen «sistema erlijioso» bat bezala. «Bide» deitzen zioten eta biderik egokientzat proposatzen zuten esperantzaz eta bizitzari zentzu bat emanez bizitzeko. Esaten da «bide berri eta bizi» bat dela, «Jesusek guretzat abian jarria», bide bat zeinetan barna «begiak harengan finko jarririk» (Hebrearrei 10,20; 12,2) ibiltzen baikara.
Oso garrantzizkoa da kontuan hartzea fedea ibilbide edo ibilaldi bat dela eta ez sistema erlijioso bat. Eta, jakina, ibilaldi batean denetik izaten da: ibilaldi gozagarria eta bilaketa-unea, gainditu beharreko probak eta atzeraldiak, hartu beharreko erabakiak, duda-mudak eta galdekizunak. Den-dena da bideko gorabehera: baita duda-mudak ere, askotan zirikagarriago izan daitezkeenak ohikeriaz eta lelo-lelo bizi izandako hainbat ziurtasun eta segurtasun baino.
Nork bere ibilaldia egin behar izaten du. Norbera izan ohi da bere bizitzako «abenturaren» erantzule. Nork bere erritmoa izaten du. Ez da ezer zertan behartu. Kristau-bidean etapak eta etapak izaten dira: jendeak une eta egoera desberdinak bizi ditzake. Inporta duena «bide egitea» da, gelditu gabe, entzutea denoi egiten zaigun deia: era duinagoan eta zoriontsuagoan bizitzekoa. Hau izan daiteke erarik hobena «Jaunaren bidea prestatzeko».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain