ZERTAKO SINETSI?
Aski gizon eta emakume dira, egun batean beraien gurasoek bataiatuak izan eta gaur egun zehatz definitzen jakingo ez luketenak zein duten beren jarrera fedearekiko. Agian, barruan sortzen zaien lehen galdera da: zertako sinetsi? Aldatzen al da bizitza ezertan sinesteagatik edota ez sinesteagatik? Balio al du fedeak zerbaiterako?
Beren esperientziatik sortzen zaizkie galdera hauek. Beren bizitzatik Jainkoa pixkana zokoratu duen jendea dira. Gaur egun Jainkoak ez die balio ezertako ere beren bizitzari orientazio bat eta zentzu bat emateko orduan.
Kasik konturatu gabe, ateismo praktikoa joan zaie txertatzen beren izatearen hondoenean. Ez zaie axola Jainko izatea edo ez izatea. Hori guztia problema arrotz iruditzen zaie, hobe dena bazter uztea, bizitza oinarri errealistagotan finkatzeko.
Jainkoak ez die ezer esaten. Hura gabe bizitzen ohitu dira. Ez dute sentitzen inolako nostalgiarik edo hutsunerik haren absentziagatik. Bertan behera utzia dute fedea, eta bizitzan den-dena lehen bezain ondo edo hobekiago doakie. Zertako sinetsi?
Galdera hau, ordea, orduan bakarrik da posible: «urez bataiatuak izan direnean» soilik. Aurkitu ez dutenean zer esan nahi duen «Jesu Kristoren Espirituaz bataiatuak izateak». Jarraitzen dutenean oker pentsatuz ezen fedea gauza sakonki arrotzen sail bat sinestea dela, bizitzarekin zerikusirik ez dutenak alegia, eta bizi ez dutenean artean Jainkoaren esperientzia bizi bat.
Jainkoarekin topo egitea geure bakardadean hark onartu gaituela jakitea da; oinazean eta depresioan kontsolatzen gaituela sentitzea; bekatua eta eskastasuna barkatzen dizkigula aitortzea; ezintasunean eta galkortasunean indarturik sentitzea; maitatzera eta hauskortasunean ere bizia sortzera eragiten digula sentitzea.
Zertako sinetsi? Bizitza era beteagoan bizi ahal izateko; gauza guztiak beren egiazko ikusmiran eta mailan jartzeko; gertaera arruntenak eta ezdeusenak ere sakonkiago bizitzeko.
Zertako sinetsi? Ausartu ahal gaitezen azkeneraino gizatar izaten; ez itotzeko mugagabeki bizitzeko geure gogoa; geure askatasuna defendatzeko geure izatea edozein idoloren aurrean saldu gabe; irekirik bizitzeko geure baitan dugu maitasun, egia, samurtasun orori. Inoiz ere ez galtzeko gizakiaren eta biziaren esperantza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain