EZ ITO MAITASUN SOLIDARIOA
Maitasuna gizarteari zinezko bizia ematen dion energia da. Zibilizazio orotan daude bizia, egia eta zuzentasuna sortzen duten energiak, eta heriotza, gezurra eta duintasun-eza eragiten duten energiak. Ez da izaten erraza horrelakorik sumatzea, baina bizi-bulkada guztien erroan egon ohi da beti maitasuna.
Horregatik, gizarte batean maitasuna itotzen denean, itotzen ari da denbora berean gizatasun-hazkundera, eta bizia zabaltzera eraman ohi duen dinamika ere. Horra zergatik den garrantzizkoa maitasuna sozialki babestea, eta suntsi dezakeen ororen kontra borroka egitea.
Maitasuna errotik hiltzeko era bat jendea manipulatzea da. Gaur egungo gizartean ozenki aldarrikatzen dira pertsonaren eskubideak, baina gero jendea errendimendua ateratzearen mende gelditzen da, onura ateratzearen eta ongizatea garatzearen mende. Horrela gertatzen da orduan Herbet Marcuse pentsalari estatubatuarrak «askatasunaren eutanasia» deitu zuena. Gero eta pertsona gehiago dago «askatasun eroso, patxadako, arrazoizko, demokratiko» ez dena bizi ohi duena. Ondo bizi ohi da jendea, baina nola egiazko askatasuna hala maitasuna ezagutu gabe.
Beste arrisku bat maitasunarentzat funtzionalismoa da. Efikaziaren gizartean garrantzizkoa ez da pertsona bera, baizik betetzen duen egitekoa. Indibiduoa erraz gelditzen da engranajearen puska material huts izatera mugatua: lanean langile bat da; kontsumoan bezero bat; ospitalean ohe-zenbaki bat… Gizarte honetan, gauzak dira funtzionatzen dutenak; pertsona arteko harremanak hiltzen ari dira,
Maitasuna itotzeko beste era bat axolarik eza da. Gizarte modernoaren funtzionamenduak gizabanakoak nor bere probetxuari begira jartzen ditu. Gainerakoak «abstrakzio» huts dira. Ikerketak eta estatistikak argitaratzen dira; hondo-hondoan pertsona jakin batzuen sufrimendua gordetzen dutenak dira. Ez dugu gauza erraza geure burua erantzule sentitzea. Administrazio publikoa da problema horiez arduratu behar duena.
Zer egiten ahal dugu gutako bakoitzak? Hainbat maitasun-ezaren formen aurrean, Bataiatzaileak bistako jarrera iradoki du: «Bi tunika dituenak banatu ditzala horrelako ezer ez duenarekin; eta zer jana duenak egin dezala gauza bera». Zer egin genezake? Gauza sinplea: partekatu daukaguna premian bizi direnekin.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain