IZARRARI JARRAITU
Ohituegiak gaude magoen kontakizuna entzuteaz. Bestetik, doi-doi izaten dugu astirik izarrak patxadan kontenplatzeko. Segur aski, ez da astiaren arazoa. Garai batean bizi gara, zeinetan errazagoa baitugu gaueko iluna ikustea, edozein ilun-unetan distira dagiten puntu distiratsuak sumatzea baino.
Halaz guztiz, hunkigarria izaten jarraitzen du kristau-idazle harengan pentsatzeak: magoen kontakizuna landu zuenean, gau erdian-edo imajinatu zituen, izar baten argi apal bati jarraitzen. Kontaerari, lehen fededunek piztueraren ondoren bizi zuten konbentzimendu sakona dario. Jesusengan bete dira Isaias profetaren hitzak: «Ilunpean bide zegien herriak argi handi bat ikusi du. Itzal-une asko zituen lurrean bizi ziren, eta argi batek distira egin die begi aurrean» (Isaias 9,1).
Txepelkeria izango litzateke gu ordu bereziki iluna, tragikoa eta estugarria bizitzen ari garela pentsatzea. Ez al da, hain justu, une hauetan sumatzen dugun iluntasun hau, frustrazio hau eta ezintasun hau ezaugarrietako bat, mendetan barna gizakiak, ia beti, bidelagun izaten dituenetako bat?
Aski da historiaren orrialdeak irekitzea. Dudarik gabe, badira argi-uneak zeinetan askapen handiak iragartzen baitira, zeinetan mundu berriak sumatzen baitira, zeinetan zeruertz gizatiarragoak irekitzen baitira. Eta gero, zer etorri ohi da? Esklabotza berriak sortzen dituzten iraultzak, problema berriak eragiten dituzten lorpenak, «erdizkako irtenbide» geratzen diren idealak, «erdipurdiko hitzarmen» geratzen diren borroka jatorrak. Berriro ilunaldia.
Ez da harritzekoa entzun behar izatea, «gizaki izatea askotan frustrazio-esperientzia» izaten dela Alabaina, ez da hori egia osoa. Porrot eta frustrazioak gorabehera, gizakia berritu egiten da, esperantza izatera itzultzen da, zerbaiterantz abian jartzen da berriro. Badu gizakiak zerbait behin eta berriz dei egiten diona bizirantz eta esperantzarantz. Bada beti izar bat berriro pizten dena.
Fededunentzat, izar horrek Jesusengana gidatzen zaitu beti. Kristauak ez du sinesten edozein mesianismotan. Eta horregatik ez da erortzen edozein desengainutan. Mundua ez da «etsipen-kasu» bat. Ez dago ilun itsuan. Mundua bere salbaziorantz dago bideratua. Jainkoa izango da egun batean erbestearen eta ilunaren azkena. Erabateko argi. Gaur egun Betlehemenera gidatzen gaituen izar apal batean bakarrik ikusten dugu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain