ZERUA AURRE DASTATU
Zerua ezin deskribatu da, baina aurre-dasta dezakegu, Ezin atzeman dugu geure adimenaz, baina zail dugu bera ez desiratzea. Zeruaz mintzo bagara, ez da geure jakin mina asetzeko, baizik eta bizi berritzeko, bai Jainkoaz dugun desioa, bai sentitzen dugun beraren erakarpena. Zerua gogoratzen badugu, ez ahazteko da bihotzean daramagun azken antsia.
Zerura joatea ez da leku batera iristea, baizik eta betiko sartzea Jainkoaren maitasunaren Misterioan. Azkenik, Jainkoa ez dugu izango jadanik «norbait» ezkutuko eta ezin atzemaniko. Sinestezina iruditzen bazaigu ere, ezagutu, ukitu, dastatu eta gozatu ahal izango dugu Jainkoaren izate barnekoena, beraren egiarik hondokoena, beraren ontasun eta edertasun mugagabeak. Betiko maiteminduko gara Jainkoaz.
Jainkoarekiko elkartasun hau ez da izango esperientzia indibidual bat. Lagun izango dugu Jesus berpiztua. Inor ez doa Aitagana Kristoren bidez ez bada. «Beronengan bizi da gorputzez jainkotasunaren betearen betea» (Kolosarrei 2,9). Kristogan dagoen misterioa ezagutuz eta gozatuz bakarrik murgilduko gara Jainkoaren misterio hondogabean. Kristo izango dugu geure «zerua».
Kristo ez dugu izango geure zorionaren betiko bitarteko bakarra. Jainkoaren maitasunak irazekirik, gutako bakoitza bihurtuko da, nor bere erara, «zeru» besteentzat. Geure mugapen eta finitutasunetik Jainkoaren misterio infinitua ukituko dugu, beraren sorkarietan ahogozatuz. Beraren maitasun hondogabeaz gozatuko dugu, giza maitasunean ahogozatuz. Jainkoaren gozamena giza plazerean haragiturik emango digute.
Ladislaus Boros teologo hungariarra esperientzia deskribaezin hau iradokitzen ahalegindu da: «Gaur maite dugun pertsonaren, zeinekin ari baikara gozatzen eta zeinengatik ari baikara Jainkoari eskerrak ematen, beroa sentituko dugu, distira, bizitasuna, gainez dagien aberastasuna esperimentatuko dugu. Pertsona horren izate osoa, beraren arimaren hondo-hondoa, beraren bihotzaren handitasuna, beraren sormenaren, zabaltasunaren, maitasunezko erreakzioaren kilikadura emango digute erregalu».
A, zer-nolako betea lortuko duten Jainkoagan hemengo bizitzaldian ezagutu izan ditugun txerak, elkartasunak, maitasun-gozamenak, adiskidetasunak! Zer-nolako bizitasunez maite izango dugun orduan hemen lurrean jadanik elkar hainbesteraino maite dugunok! Esperientzia gutxik ematen digute azken zoria hobeto aurre-dastatzeko bide, zeinetara guztiok erakartzen ari baita Jainkoa.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






