JAINKOARI HAUR BATENGAN HARRERA EGIN
Eguberriak askoz gehiago dira: egun horietan geure kaleetan arnasten dugun ingurugiro azaleko eta maneiatu hori baino askoz gehiago. Gure gizarte kontsumistaren trikimailu guztiak baino jai bat askoz hondokoagoa eta pozgarriagoa da. Fededunok berreskuratu beharra dugu jai horren muina, aurkitu beharra, hartarainoko azalkeria eta zorabioren azpian, gure pozaren iturburu den misterioa.
Eguberri-misterioa ez dugu ulertuko geure bihotzean isiltasuna egiten ez badakigu, hurbiltzen zaigun Jainko honen misterioari geure arima irekitzen ez badiogu, eskaintzen digun bizitza onartzen ez badiogu, Jainko Adiskide honen etorreraren jaia ahogozatzen ez badugu.
Geure eguneroko bizitzan, batzuetan hain aspergarria, itzalia eta tristea, pozik bizitzeko dela jasotzen dugu. «Ezin izan da tristurarik bizia jaiotzen denean» (Leon Aita Santu Handia). Ez da poz geza, zaporegabe eta azalekoa. Ez da zergatik ez dakitela pozten direnen poza. «Guk geure arrazoiak ditugu poz-pozik bizitzeko, poz betea eta jai arranditsua bizitzeko: Jainkoa gizon egin da, eta gure artean bizitzera etorri da» (Leonardo Boff).
Poz handia da, bihotza Jainkoaren hurbiltasunari irekitzen diotenek bakarrik gozatu ahal dutena, Jainkoaren samurtasunak erakar ditzan uzten diotenek bakarrik. Jainkoaren aurrean beldur eta mesfidati izatetik askatzen gaituen poza da. Izan ere, nolatan beldur izan haur bezala hurbildu zaigun Jainkoaz? Nolatan ihes egin izaki hauskor eta babesgabe bezala eskaini zaigunaren aurretik? Jainkoa ez da etorri mundura botereaz armaturik, gizakiei bere indarra erakutsi eta ezartzeko. Haur baten txeraz hurbildu zaigu: irribarre edota negarra eragiten ahal diogun haur bat bezala.
Jainkoa ez da gizakiok batzuetan imajinatu izan dugun Izaki guztiahaldun eta boteretsu hura, atzeman ezineko bere munduaren seriotasunean eta misterioan bere baitan hesitua legokeena; ez, Jainkoa haur txiki hori da, gizadiari txeratsu emana, guk berari noiz begiratuko bizi dena gure irribarrearekin pozteko. Jainkoa haur egin izanak beraren misterioaz egin genitzakeen hausnarketa eta espekulazio guztiek baino gehiago adierazten digu Jainkoa nolakoa den jakiteko.
Haur honen aurrean geldialdi bat egiten jakingo bagenu, Jainkoaren hurbiltasuna eta samurtasuna geure izatearen hondo-hondotik onartzen jakingo bagenu, ulertuko genuke agian zergatik bizi behar duen pozez blai fededunaren bihotzak, bestelako poz batez blai: soil-soilik Jainkoa geurekin dugulako.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







