EGIAZ
Ez da gauza normala pertsona bat bizitza guztian existentziaren azken zentzua planteatu gabe bizitzea. Buru arin batena izan arren beraren egunen joanera, goiz edo berandu gertatuko zaio «haustura-unerik», ernearaziko dionik hondo-hondoko galderarik biziaren problemaz.
Izaten dira zoriontasun bizi-biziko orduak, galde egitera behartzen gaituztenak zergatik ez den bizitza beti zorion eta beti betetasun. Eta zoritxar-uneak, gugan pentsamendu ilunak ernearazten dituztenak: zer dela-eta hainbat sufrimendu?, pena merezi al du bizitzea? Baita dirdira handiagoko uneak ere, oinarrizko galderak ekartzen dizkigutenak: zein edo nor naiz ni?, zer da bizia?, zer da esperoan dudana?
Goiz edo berandu, era batera edo bestera, pertsona oro iristen da egunen batean biziaren zentzua planteatzera. Den horretan geldi daiteke kezka hori edota iratzar dezake ere, era isilean, baina saihestezinean, Jainkoaren arazoa. Erreakzioak orduan oso askotarikoak izan daitezke.
Badira, duela asko bertan behera utzi dutenak, Jainkoa bera ez bada, bai Jainkoarekin zerikusirik duten gauzen mundua: Eliza, igandeko meza, dogmak. Pixkana-pixkana bazter utziz joan dira beraientzat jadanik probetxurik ez duen zerbait bailiran. Bana, mundu erlijioso hori guztia aldera batera utzirik, zer egin orain Jainkoaren arazoarekin?
Beste batzuek Jainkoaren ideia bera utzi dute aldamenean. Ez dute haren beharrik. Zerbait baliogabeko eta alferrikako iruditzen zaie. Jainkoak ez lieke ezer baikorren ekarpenik egingo. Aitzitik, uste dute bizitza korapilatu egingo liekeela. Bizitza den hartan onartu dute, eta beren bideari jarraitzen diote, azkenaz gehiegi arduratu gabe.
Beste batzuk beren duda-mudatan nahas-mahas eginik bizi dira. Ez dute ezertaz segurantzarik: zer da Jainkoa sinestea? Nola erlaziona zaitezke harekin? Zeinek daki ezer edo zerbait gauza horiez? Bitartean, Jainkoa ez da inposatzen, Ez du behartzen inor bera onartzera, kanpotik, proben edota begi-bistako ezeren bidez. Ez da agertzen barnetik argitasunak edo errebelazioak direla medio ere. Soil-soilik isiltasun da, aukera, begirunezko gonbit bat…
Lehen egitekoa Jainkoaren aurrean, jator eta ondradu izatea da. Ez ibiltzea haren presentziari iskin egin nahiz, egiatasun eskaseko planteamenduak harrotuz. Jainkoaren bila ondradu eta egiati saiatzen dena ez dago harengandik urrun. Ez genituzke ahaztu behar Jesusen beraren hitz batzuk, ondo argitzen ahal lukete ziurgabetasun erlijiosoan lebilkeena: «Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain