ISEKA ALA DEI EGIN?
Lukasek ukitu tragikoz deskribatu du Jesusek hilzoria, inguruan dituenen iseka eta adarjotze artean. Ematen du inork ez duela ulertu beraren buru-eskaintza. Inork ez du jaso azkenak direnentzat agertu duen maitasuna. Inork ez du ikusi beraren aurpegian gizakiarekiko Jainkoaren errukia.
Hein bateko tartea utzirik, «agintari» erlijiosoek eta «herriak» iseka egin diote Jesusi zeinuka: «Beste batzuk salbatu ditu; salba dezala bere burua, Mesias bada». Pilatoren soldaduek, egarri dela ikusirik, ardo mindua, oso herrikoia haien artean, eskaini diote, eta barre egin dute beraren bizkar: «Juduen errege bahaiz, salba ezak heure burua». Gauza bera esan dio bi gaizkileetako batek, bera ere gurutzean delarik: «Ez al haiz ba Mesias? Salba ezak heure burua».
Hirutaraino errepikatu du Lukasek iseka hau: «Salba ezak heure burua». Zer edo zein «Mesias» izan daiteke hau, bere burua salbatzeko ahalmenik ez badu? Zer «Errege» mota izan daiteke? Nola salba dezake bere herria Erromaren eskumendetik ezin ihes egin badu bera hilzorian zaintzen duten lau soldaduengandik? Nola izan dezake Jainkoa bere alde, bera liberatzeko esku hartzen ez badu?
Bat-batean, hainbat isekaren artean, dei bat: «Jesus, oroit zaitez nitaz zeure erreinura iritsiko zarenean». Beste gaizkilea da; Jesusen errugabetasuna sumatu du, eta bere errua aitortu eta, Jainkoaren barkazioan konfiantza jarririk, beraz oroit dadin bakarrik eskatu dio Jesusi. Berehala erantzun dio Jesusek: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Orain biak daude hilzorian, babes-gabezian eta ezintasunean bat eginik. Baina gaur bertan izango dira biak bat eginik Aitaren biziaz gozatzen.
Zer edo zein izango litzateke gure zoria, Jainkoak Bidaliak bere salbazio propioa bilatuko balu, historiako gurutziltzatu guztiekin bateratzen duen gurutze horri ihes eginez? Nola sinetsi ahalko genuke geure bekatuan eta, heriotzaren aurrean, geure ezintasunean murgildurik utziko gintuzkeen Jainko batengan?
Badira gaur ere Gurutziltzatuaz iseka egiten dutenik. Ez dakite zer ari diren. Ez lukete horrelakorik egingo Martin Luther King-ez. Historiak eman duen gizaki gizatarrenaz ari dira burlaka. Zein da jarrerarik duinena Gurutziltzatu horren aurrean?, munduaren sufrimenduaz Jainkoaren hurbiltasunaren gizakunde den horren aurrean?: iseka ala dei egin?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







