EUKARISTIA
ETA KRISIALDIA
Kristau guztiek dugu ezagutzen. Igandeko eukaristia aisa bihur daiteke «babes erlijioso», aste osoan bizi ohi dugun bizitza gatazkatsutik babesteko. Tentagarria da mezara joatea, esperientzia erlijioso bat partekatzera, alde guztietatik estutzen gaituzten problemak, tirandurak eta albiste txarrak ahazteko.
Batzuetan sentibera izan ohi gara ospakizunaren duintasunari dagokionez; baina gutxiago kezkatzen gaitu Jaunaren afaria ospatze horrek berekin dituen eskakizunez ahazteak. Ez dugu atsegin izaten apaizen batek erritu-araudia zorrotz ez betetzea; baina axola gutxi izan ohi diogu meza ohikeriaz ospatzeari, Ebanjelioaren deiei kasurik egin gabe.
Bat bera da beti arriskua: Kristorekin bihotzaren hondoan elkartasuna egin nahi izatea, sufritzen ari diren anai-arrebekin elkartzeaz arduratu gabe. Eukaristiako ogia partekatu, bai, baina ogirik, justiziarik, etorkizunik ez duten milioika anai-arreben goseari ezikusia eginez.
Datozen urteetan krisiaren ondorioak larriagotzen joan daitezke, uste genuen baino gehiago. Iragartzen ari diren erabakiek handiagotu egingo dut zuzenaren kontrako desberdintasuna, gure artean. Ikusiko dugu nola doan gero eta pobreago bihurtzen geure ingurune hurbilagoko edo urrunagoko jendea, etorkizun ziurtasunik gabeko eta ezin aurreikusiko batean koloka.
Hurbiletik ezagutuko dugu: etorkin-jendea osasun-babesik gabe, gaixo-jendea bere osasun- edo botika-arazoei nola aurre egin ez dakiela, familiak erruki-egintzatik bizitzera behartuak, pertsonak etxea uztera mehatxaturik, jendea laguntzarik gabe, gazteak etorkizun argirik gabe… Ezin saihestu izango dugu. Edota betiko geure ohitura egoistak indartu edota solidarioago bihurtu.
Krisialdian bizi den gizarte honetan eukaristia ospatzeak kontzientzia esnatzera eragin diezaguke. Nori bere onura hutsa kontuan hartzera eragin izan digun bakoizkeriaren kultura alde batera utzi beharra dugu, xinpleki gizatasun handiagoko jende izateko. Eukaristia oro dago bideratua anai-arreba artekotasuna eragitera.
Ez da bidezkoa igandero, urte osoan, Jesusen Ebanjelioa entzutea, haren deiaren aurrean erreakzionatu gabe. Ezin eskatu diogu Aitari «geure eguneroko ogia», lortzeko zailtasunak dituztenak kontuan hartu gabe. Ezin bizi dugu elkartasunik Jesusekin, lagun hurkoarekin eskuzabalago eta solidarioago bihurtu gabe. Ezin eman diogu bakea elkarri, krisia dela-eta bakartiago eta babesik gabeago bizi direnei eskua luzatu gabe.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain