OGIA ETA ARDOA
Larriki murriztuko genuke eukaristiaren edukia, ahaztuko bagenu, hartan aurkituko dugula gure bizitza elikatuko duen janaria. Egia da ezen fede berak elkartzen dituela anai-arrebak, sentitzen dutenean partekatzen duten janaria dela eukaristia. Baina, anai-arreba arteko elkartasun hau oso garrantzizkoa delarik ere, ez da nahikoa, janaritzat ematen zaigun Kristorekiko elkartasuna ahazten badugu.
Antzeko zerbait esan behar dugu eukaristian Kristok duen presentziaz. Azpimarratu ohi da, eta arrazoi osoz, Kristok ogian eta ardoan sakramentuzko presentzia duela; baina Kristo ez dago hor egote hutsaz; bere burua eskainiz dago presente gure bizitza sostengatzen duen janari bezala,.
Eukaristiaren esanahi sakona berraurkitu nahi badugu, ogiaren eta ardoaren oinarrizko sinbolismoa berreskuratu beharra dugu. Gizakiak, bizirauteko, jan eta edan beharra du. Eta gertakizun xinple honek, batzuetan hain ahaztua delarik ongizatearen gizarte aseetan, agertzen du gizakia ez dela oinarritzen bere baitan, baizik eta bizia era misteriotsuan hartuz bizi dela.
Gaur egungo gizartea galtzen ari da gizakiaren oinarrizko keinuen esanahia aurkitzeko gaitasuna. Halere, keinu xume eta jatorrizko hauek dira sorkarien, bizitza erregalu gisa Jainkoagandik hartzen dugunon, geure izaera egiazkora itzularazten gaituztenak.
Zehazki, ogia sinbolo esanguratsua da, bere baitan laburbiltzen duena pertsonarentzat janariak eta elikadurak esan nahi duten guztia. Horregatik, era kasik sakratuan beneratu izan da ogia kultura askotan. Gure arteko bat baino gehiago oroituko da, oraindik ere, nolatan musu emanarazten zigun amak lurrera nahi gabe erotzen zitzaigun ogi-puska bati.
Baina, sorotik mahaira iritsi bitartean, lana eskatzen du ogiak, ereiteko, lurra ongarritzeko, garia mozteko eta alea biltzeko, alea ehotzeko, ogi-irina erretzeko. Ardogintza, berriz, prozesu are korapilatsuagoa da.
Horregatik, ogia eta ardoa aldarera ekartzean, «lurraren eta gizakiaren lanaren fruitu» direla esaten dugu. Batetik, «lurraren fruitu» dira, eta gogorarazten digute mundua eta gu geu dohain bat garela, Kreatzailearen eskuek sortuak. Bestetik, «lanaren fruitu» dira, eta geure ahalegin solidarioaz egiten eta eraikitzen duguna adierazten dute.
Ogi hori eta ardo hori «bizi-ogi» eta «salbazio-kaliza» bihurtuko dira fededunontzat. Hor aurkitzen ditugu kristauok Jesusek esaten dizkigun «egiazko janari» hori eta «egiazko edari» hori. Janaria eta edaria, lurreko gure bizitza elikatzen dutenak, lurra lantzera eta hobetzera gonbidatzen gaituztenak, eta betiko bizira bide egiten dugun bitartean sostengu ditugunak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain