BIZI ARNASA
Hebrearrek oso uste ederra eta egiazkoa zuten biziaren misterioaz. Honela deskribatu du gizakiaren kreazioa kontakizun zahar batek, Kristo baino mende asko lehenago: «Jainko Jaunak lurreko buztinaz eratu zuen gizona. Ondoren bizi-arnasa ufatu zion sudurrean. Eta horrela gizona [izaki] bizidun bihurtu zen».
Esperientziak dioena da. Gizakia buztina da. Edozein unetan desegin daiteke. Nola ibili buztinezko bat oinez? Nola begiratu bizitzari buztinezko begiez? Nola maitatu buztinezko bihotzaz? Halaz guztiz, buztin hau bizi da! Bere barnean arnasa du, bizia ematen diona. Jainkoaren Arnasa da. Beraren Espiritu bizi-emailea.
Bere ebanjelioaren bukaeran, eszena handios bat deskribatu du Joanek. Jesus berpiztuaren une gailurra da. Beraren kontakizunaren arabera, Elizaren jaiotza «kreazio berri bat» da. Bere ikasleak bidaltzean, Jesusek «bere arnasa ufatu die gainera eta esan: Har ezazue Espiritu Santua».
Jesusen Espiriturik gabe, Eliza buztina izango litzateke, bizirik gabea: elkarte bat, gai ez dena munduan esperantza, kontsolamendua eta bizia txertatzeko. Jaulki ditzake hitz bikainak, baina bihotzean Jainkoaren arnasa komunikatu gabe. Hitz egin dezake seguru eta irmo, baina jendearen fedea sendotu gabe. Nondik atera dezake gizakiak esperantza, Jesusen arnasatik ez bada? Nola defenda dezake bere bizitza heriotzaren aurka, Berpiztuaren Espiriturik gabe?
Jesusen Espiritu kreatzailerik ez badugu, iritsi gintezke berrikuntza orori uko egiten dion Eliza batean bizitzera: ez da zilegi berritasun handiak amets egitea; seguruena, erlijio egonkor eta kontrolatua da, ahalik gutxien aldatzen dena; beste aldi batzuetatik hartu duguna, huraxe da hoberena gureentzako; gure belaunaldiek beren fede zalantzatsua dutela, mende askotako hizkuntzaz eta errituez moldatua, ospatu behar dute. Bideak markaturik daude. Ez da zertan zergatik galdetu.
Nola oihu egin ozen: «Zatoz, Espiritu Santua! Zatoz zeure Elizara. Zatoz guztiok liberatzera beldurretik, eskas izatetik, zure indar kreatzailean fedea falta izatetik?» Ez dugu zertan jarri besteei begira. Nork bere bihotza behar dugu ireki.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain