ATEAK IREKI
Joanen ebanjelioak marra ilunez deskribatzen du kristau-elkartearen egoera, beronen baitan Kristo berpiztua falta denean. Kristoren presentzia bizirik gabe, Eliza gizon-emakumeen talde bihurtu da: «etxe batean ateak itxirik bizi dena, juduen beldurrez».
«Ateak itxirik» direla, ezin entzun da kanpoan gertatzen dena. Ezin atzeman da Espirituak munduan ari duen egintza. Ez da sortzen inorekin topaketarik eta elkarrizketarako eremurik. Itzali egiten da gizakiarekiko konfiantza eta ugaldu errezeloak eta aurreiritziak. Baina elkarrizketarako gai ez den Eliza tragedia bat da; izan ere, Jesusen jarraitzaileok deituak gara Jainkoak gizakiarekin betidanik ari duen elkarrizketa eguneratzera.
«Beldurrak» gerarazi dezake ebanjelizazioa eta blokeatu gure energiarik hobenak. Beldurrak uko egitera eraman gaitzake eta gaitzestera. Beldurrez bizi garela, ezin maitatu dugu mundua. Baina, maite ez badugu, ez diogu begiratzen Jainkoak begiratzen dion bezala. Eta, Jainkoaren begiez begiratzen ez badiogu, nola hots egingo dugu Berri Ona?
Ateak itxirik bizi bagara, nork utziko du artegia, galdu den ardiaren bila joateko? Nor ausartuko da lepradun zokoratu bat ukitzen? Nor jarriko da mahaian bekatariekin edo prostituituekin batera? Nor hurbilduko da erlijioak ahaztuak dituenengana? Jesusen Jainkoaren bila ibili nahi dutenek ateak itxirik aurkituko gaituzte.
Gure lehen egitekoa Berpiztuari sartzen uztea da, beldurrez eraikitzen ditugun hainbat mugatan barna. Gure elizetako, taldeetako eta elkarteetako erdigunea bete dezala Jesusek. Bera bakarrik izan dadila gure biziaren, pozaren eta bakearen erdigune. Ez dezala hartu inork haren lekua. Ez dezala inork bere egin haren mezua. Ez dezala ezarri inork harena ez bezalako estilorik.
Jadanik ez dugu Elizan geure esku garai bateko botererik. Sakon sentitzen ditugu geure inguruan areriotasuna eta ukapena. Ahul gara. Inoiz baino behar handiagoa dugu Berpiztuaren hatsari garen guztia irekitzea, Espiritu Santuari harrera egiteko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain