BIDELAGUN
Era asko daude egiazko fedeari oztopoak ezartzeko. Hor dago «fanatikoaren» jarrera: sineskizun-multzo bati atxikitzen zaio, sekula ere utzi gabe Jainkoari galdera bat egin diezaion eta entzun gabe beraren jarrera koloka jar lezakeen inori ere. Fede hori fede itxia da, Misterioa onartzea eta hari entzutea falta zaio, harrokeria sobera duelarik. Fede horrek ezin liberatu du inor zurruntasun mentaletik, ezin lagundu dio inori hazten, ez baita elikatzen egiazko Jainkoaz.
Hor dago eszeptikoaren jarrera ere: ez dabil bila, ez du galdetzen, ez baitu jadanik ezer espero Jainkoagandik, ez bizitzatik, ez norberagandik ere. Horrena fede triste eta itzalia da. Konfiantzaren dinamismoa falta zaio. Ez du pena merezi ezerk ere. Existitzen jarraitzera mugatzen da den-dena, besterik gabe.
Hor dago, gainera, «axolagabearen» jarrera: ez da axolatzen jadanik ez biziaren zentzuaz, ez heriotzaren misterioaz. Bizitza hori pragmatismo hutsa da. Axola zaion gauza bakarra segurtasuna, dirua edo ongizatea ematen ahal dion hura da. Jainkoa bost axola zaio, gero eta gutxiago. Izatez, zertarako da on harengan sinestea?
Hor dago «fedearen jabe» sentitzen dena ere: bataiokoan jasotako «kapital» bat bailitzan hartu du fedea, hor nonbait dagoena, ezin jakin non, «jabeak» zertan arduraturik ez duela beste ezertaz. Fede hau ez da bizi-iturri, baizik eta besterengandik jasotako «herentzia» edo «ohitura» huts. Alde batera uzten ahal zenuke beraren faltarik nabaritu gabe.
Hor dago gainera «haur-fedea», Jainkoagan sinesten ez dutenena, baizik eta hartaz hitz egiten dutenengan. Ez dute izan sekula Jainkoarekin egiaz hitz egin izanaren esperientziarik, haren aurpegi bila ibili edo nor bere burua haren misterioan utzi izanarenik. Aski dute hierarkian sinestea edota «gauza horietan aditu direnengan» konfiantza izatea. Halakoen fedea ez da esperientzia pertsonala. «Entzutez» mintzo ohi dira Jainkoaz.
Jarrera hauetan guztietan kristau-fedearen funtsezkoena falta da: Kristorekin topo egite pertsonala. Bizitzan bide egitearen esperientzia, bizi den norbait bidelagun dela, aintzat har dezakegun eta konfiantzazkoa dugun norbait. Hark bakarrik biziarazten gaitu; hark bakarrik ematen ahal digu maitatzeko eta esperantza izateko gaitasuna, gure erroreak, porrotak, bekatuak eta guzti.
Ebanjelioko kontaeraren arabera, Emausko ikasleek «bidean gertatu zitzaiena» kontatzen zuten. Triste eta etsirik zihoazen bidean, baina zerbait berri iratzarri zitzaien barnean hurbileko eta biziaz betea zen Kristorekin topo egitean. Egiazko fedea «bidelagun» bezala ezagutu den Jesusekin topo egite pertsonaletik jaio ohi da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






