MAITE AL NAUZU?
Berpiztuak Pedrori egin dion galdera honek, fededun garela esaten dugun guztioi gogorazten digu ezen fedearen bizitasuna ez dela ulermen intelektual baten arazoa, baizik eta Jesu Kristo maitatzearena.
Maitasunak dio ematen Pedrori Kristo berpiztuarekin erlazio bizian sartzeko bidea, eta maitasuna da gu geu kristau-misterioan sarrarazi gaitzakeena. Maite ez duenak doi-doi «uler» dezake ezer ere kristau-fedeaz.
Ez dezagun ahantzi ezen maitasuna gugan sortzen hasi, beste pertsona batengana irekitzen hasten garenean hasten dela sortzen: arrazoiak, frogak eta demostrazioak baino beti harago joan ohi diren konfiantzazko eta buru-eskaintzazko jarreraz besteengana irekitzen hasten garenean, alegia. Nolabait esateko, bestearekin «ausartzea» da maitasuna.
Gauza bera gertatzen da kristau-fedean ere. Nik ez dut Jesu Kristogan sinestera gonbidatzen nauen arrazoirik. Baina, Jesus maite badut, ez da azken batean ikertzaileek ematen dizkidaten datuengatik, ezta teologoek ematen dizkidaten azalpenengatik ere, baizik eta Jesusek berak nigan iratzartzen duen berarekiko errotiko konfiantzagatik.
Bada, ordea, beste zerbait gehiago. Pertsona jakin bat benetan maite dugunean, harengan pentsatzen dugu beti, berari entzuten diogu, haren hurbileko sentitzen gara. Nolabait esateko, gure bizitza guztia gelditzen da pertsona hark ukitua eta hargatik eraldatua, haren bizitzak eta haren misterioak ukitua.
Kristau-fedea «maitasun-esperientzia» da. Horregatik, Jesu Kristogan sinestea berari buruzko «egiak onartzea» baino gehiago da. Orduan sinesten dugu benetan: esperimentatzen dugunean Jesus bera ari dela bihurtzen gure pentsaeraren, gure nahiaren eta gure bizitzearen erdigune. Karl Rahner bezalako kaskarin kutsu txikiko teologo batek ez du dudarik izan baieztatzeko ezen Jesu Kristogan sinetsi, «baldin eta bera maitatu nahi badugu eta bera besarkatzeko adorerik baldin badugu bakarrik» sinetsi dezakegula».
Jesus maitatze honek ez du eragozten, ez suntsitzen, beste pertsonekiko gure maitasuna. Aitzitik, Jesusekiko maitasun hori da besteekiko maitasunari egiazko sakontasuna ematen ahal diona, eskastasunetik eta gezurretik askatuz. Kristorekin komunioan edo elkartasunean bizi garenean errazago aurkitzen ahal dugu «maitasun» deitzen dugun hori ez dela askotan «zentzuzko egoismo kalkulatzailea» baizik, abildadez jokatzen dakienarena, inoiz ere arriskatu gabe erabateko bihotz zabaltasunez maitatzera.
Kristo maitatzearen esperientziak indarra ematen ahal digu maitatzeko, beti irabaziren baten zain egon gabe edota uko egiteko –noizean behin bederen— abantaila txikiei hobeto zerbitzatzeko premia duenari. Agian, egiaz zerbait berri gertatuko litzateke gure bizitzan, gai bagina egiati entzuteko Berpiztuaren galdera: «Zuk, maite al nauzu?».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain