GUREKIN DOA
Jesus artzain onaren sinboloa gogaigarri-edo gertatzen zaio gaur egun zenbait kristauri. Ez dugu nahi artalde bateko ardi bezala trata gaitzaten. Ez dugu inork goberna gaitzan beharrik, geure bizitza inork kontrola diezagun beharrik. Denek begirune izan diezaguten nahi dugu. Ez dugu inongo artzainen beharrik.
Lehen kristauek ez zuten horrelakorik sentitzen. Jesusen irudia, artzain onarena, oso garaiz bihurtu zen Jesusi buruzko irudi kutun. Erromako katakonbetan jadanik, ardi galdua lepoan duela irudikatu dute Jesus. Inork ez du hartzen Jesus artzain autoritariotzat, bere jarraitzaileen zelatari eta kontrolatzailetzat, baizik eta bere ardiak zaintzen dituen artzain ona da.
«Artzain ona» bere ardiez arduratzen da. Hori du bere lehen ezaugarria. Ez ditu utziko inoiz ere bertan behera. Ez ditu ahaztuko. Haien aiduru biziko da. Ahulei eta gaixoei adi dago beti. Ez da zerbitzari saripekoa bezalako; honek, arrisku bat bistaratzean, ihes egiten du, bere bizia salbatzeko, artaldea bertan behera utziz: ardiak bost axola zaizkio.
Jesusek oroitzapen ahantzezina utzia zuen. Ebanjelio-kontakizunek gaixoez, zokoratuez, txikiez, babesgabekoenez, ahaztuez, galduenez kezkaturik deskribatu dute. Ematen du ez dela kezkatzen bere buruaz. Beti bere gogoa besteengan duela ageri da. Batez ere, babesgabekoenak ditu gogoan.
Baina bada gehiagorik ere. «Artzain onak bere bizia eman du bere ardientzat». Bigarren ezaugarria da. Bost alditaraino errepikatu du Joanen ebanjelioak hizkuntza hau. Jendeaz Jesusek duen maitasunak ez du mugarik. Bere burua baino gehiago maite ditu besteak. Guztiak maite ditu artzain on baten maitasunaz; arriskuaren aurrean ihes egin ez, baizik eta bere artaldea salbatzeko bizia ematen duenarenaz.
Horregatik, Jesusen irudia, «artzain onarena», oso garaiz bihurtu zen kontsolamendu- eta konfiantza-mezu beraren jarraitzaileentzat. Kristauek 22. salmoaren hitzez baliatzen ikasi zuten Jesusengana jotzeko: «Jauna dut neure artzain, ez du ezeren faltarik… bide ilunetan ibilirik ere, ez naiz ezeren beldur, zu nirekin baitzoaz… Lagun ditut zure ontasuna eta zure errukia neure bizitzako egun guztietan».
Kristauok, sarritan, harreman pobreak bizi ohi ditugu Jesusekin. Esperientzia biziago eta barnekoiago bat bizi beharra dugu. Ez dugu uste izaten bera gutaz arduratzen dela. Ahaztu egiten zaigu beragana jo dezakegula nekaturik eta indarrik gabe sentitzen garenean, edota galdurik eta norabiderik gabe.
Eliza batek, oker ezagutua den Jesus batekin erlazionatzen diren kristauek aitortzen dutenek, soilik irakaspenez aitortzen dutenek, eratua denean, Jesus batekin zeinen ahotsa ez baita ondo entzuten elkarteetan…: Eliza horrek bere Artzainaz ahazteko arriskua bizi du. Baina, zeinek zainduko du Eliza beronen Artzainak ez bada?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain