JAINKOAK EZ DU KRISIRIK
Uste baino sarriago gertatzen da. Fededunok Jainkoagan sinesten dugula esaten dugu, baina bizi, hura ez balitz bezala bizi ohi gara. Hau da gaur egun ere arriskua egungo krisialdi erlijiosoaz eta Elizaren etorkizun ziurtasun gabeaz hitz egitean: une hauek era «ateoan» bizitzea.
Ez dakigu jada «Jainkoaren zeruertzean» bide egiten. Kontuan geure ahalbideak bakarrik izanik analizatzen ditugu geure krisialdiak eta planifikatzen dugu etorkizuna. Ahantzi egiten dugu mundua Jainkoaren eskuetan dagoela, eta ez gureetan. Ahantzi egiten dugu «Artzain Nagusia», gizaki bakoitzaren bizia zaintzen eta gidatzen duena, Jainkoa dela.
Beren Aita galdu duten «umezurtzak» bezala bizi gara. Gaina hartu digu krisialdiak. Eskatzen zaiguna gehiegizkoa iruditzen zaigu. Nekoso gertatzen zaigu zeregin bati eustea arrakasta inondik inora ikusi gabe. Bakar sentitzen dugu geure burua, eta ahal duen bezala defendatzen da bakoitza.
Ebanjelioaren kontaeraren arabera, Jesus Jerusalemen dago, bere mezua ematen. Negua da eta, ez hozteko, Tenpluaren aterpeetako batean dabil paseatzen, judu batzuek inguratzen dutela, galde eta galde erasoka. Jesus bere ahotsa entzuten eta jarraitzen dioten «ardiez» mintzo da. Une jakin batean dio: «Nire Aita, [ardi horiek] eman dizkidana, guztien gainetik dago eta ezin harrapatu ditu inork nire Aitaren eskuetatik».
Jesusen arabera, «Jainkoa guztien gainetik dago». Guk krisialdia jasateak ez du esan nahi Jainkoak krisirik duenik. Kristauok adorea galdu izanak ez du esan nahi Jainkoa salbatzeko indarrik gabe gelditu denik. Guk gaurko gizakiarekin elkarrizketarik ezin egin izateak ez du esan nahi Jainkoak ez duela jada biderik aurkitzen pertsona bakoitzari bihotzera hitz egiteko. Jendeak gure elizetatik alde egiteak ez du esan nahi Jainkoari bere esku babesgarrietatik alde egiten dionik.
Jainkoa Jainko da. Elizaren inolako krisialdi erlijiosok eta inongo eskastasunek ezin «harrapatzen ahal dizkiote bere eskuetatik» maitasun mugagabez maite dituen beraren seme-alaba horiek. Jainkoak ez du inor zapuzten. Bere bideak ditu bere seme-alabetako bakoitza zaindu eta gidatzeko, eta beraren bideak ez dira ezinbestean guk urratu eta trazatu nahi dizkiogunak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain