JESUSENGANDIK EZ URRUNTZEA
Xumea da irudia eta oso adierazkorra. Jesus «egiazko mahatsondoa» da, bizidun-biziduna; ikasleak «aihenak» dira, Jesusengandik iristen zaien izerdiz bizi dira; Aita «mahastizaina» da, bera berez arduratzen da mahastiaz, fruitua ugari eman dezan. Inporta duen gauza bakarra guztientzat duen egitasmoa, mundu gizatiarrago eta zoriontsuago batena, errealitate bihurtzea da.
Irudiak problema non dagoen nabarmentzen du. Badira aihen iharrak, Jesusen izerdirik ez dutenak. Fruiturik ematen ez duten ikasleak dira, beren zainetan Berpiztuaren Espiritua ez dutenak. Kristau-elkarteak, Jesusengandik desloturik biziko ez biziko daudenak.
Horregatik, baieztapen indartsua bota digu: «Aihenak ezin eman du fruiturik, mahatsondoan jarraitzen ez badu»: ikasleen bizitza agorra izango da Jesusengan «jarraitzen ez badu». Biribil-biribilak dira beraren hitzak: «Ni gabe ezin egin duzue ezer». Ez al zaigu ari hemen azaltzen gure kristautasunaren krisiaren egiazko sustraia?, beste ezerk ez bezala gure kristautasunaren zimenduak kraskatzen dituena?
Kristau askok bere erlijioa bizi duen erak, Jesu Kristorekiko bizi-loturarik gabeak, ezin iraungo du luze: folklore anakroniko bihurtuko da, ez dio emango inori ebanjelioaren Berri Ona. Elizak ezin beteko du bere egitekoa gaurko munduan, «kristau» garela esaten dugunok Jesusen ikasle bihurtzen ez bagara, beraren Espirituak arnastuak eta mundua gizatiarrago egiteko beraren grina bizi dugula.
Kristau izateak Jesu Kristoren bizi-esperientzia eskatzen du gaur egun, Jesus bera barnez ezagutzea eta beraren egitasmoarekiko grina eta irrika; kristautate-gizartean betetzaile izateko beharrezko ez ziren tasunak behar dira gaur egun. Jesusekin harreman ondoz-ondoko eta grinatsuagoan bizitzen ikasten ez badugu, gure kristautasunaren gainbeherapena gaixotasun hilkor bihur daiteke.
Kristauok arazo askoz arduraturik bizi gara eta zabarturik. Ezin izan da besterik. Baina ez genuke ahaztu behar funtsezkoa. Guztiok gara «aihen». Jesus bakarrik da «egiazko mahatsondo». Gauza erabakitzailea une honetan «beragan jarraitzea» dugu: geure arreta guztia ebanjelioari eskaintzea; elikatzea geure taldeetan, sareetan, elkarte eta parrokietan Jesusekiko harreman bizia; ez aldentzea beraren egitasmotik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain