JESUSEN ERARA
Jesus adio esaten ari zaie ikasleei. Bero-bero maite ditu. Aitak bera maite duen maitasun beraz maite ditu. Orain adio esan beharrean da. Ezaguna du beraien egoismoa. Ez dira elkar maitatzeko gai. Beren artean sesioan nabari ditu lehen postuak zeinek izango. Zer izango da beraiez?
Jesusen hitzei hotsandiko tonuera darie. Guztien baitan ondo ezarririk gelditu behar dute: «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite zaituztedan bezala». Jesusek ez du nahi bere maitasun-era bere jarraitzaileen artean narrasturik gerta dadin. Egunen batean horretaz ahazten badira, inork ez die antzemango beraren ikasle direnik.
Oroitzapen ezabaezina gelditu zaie Jesusez. Honela laburtzen zuten beraren bizitza lehen kristau-belaunaldiek: «Alde guztietan on eginez igaro zen». Ongarri izaten zen berarekin topo egitea. Jendearen ona bilatzen zuen beti. Bizitzen lagundu ohi zuen. Berri On izan zen beraren bizitza. Jainkoaren hurbiltasun ona aurkitu ahal zen beragan.
Maitatzeko era nahastezina du Jesusek. Oso sentibera da jendearen sufrimenduarekiko. Ezin egin dio ezikusiarena sufritzen ari denari. Behin batean, Nain herrixkara sartzean, hileta-segizio batekin egin zuen topo: emakume alargun bat seme bakarrari lur ematera zihoan. Barnetik irten zaio Jesusi maitasuna ezezagun harekiko: «Emakume, ez negar egin». Jesusek bezala maite duena sufrimendua arinduz eta malkoak lehortuz bizi ohi da.
Ebanjelioek askotan dakarte nola atzematen zuen Jesusek bere begiez jendearen sufrimendua. Begiratu eta hunkitu egiten zen: sufritzen eta lur jota ikusi ohi zituen, artzainik gabe ardiak bezala. Berehala jotzen zuen gaixoenak sendatzera eta bere hitzez elikatzera. Jesusek bezala maite duenak jendeari aurpegira gupidaz begiratzen ikasten du.
Miresgarria da Jesusek on egiteko duen prestasuna. Ez da gelditzen bere zilborrari begira. Adi-adi dago edozein deiri, beti prest ahal duena egiteko. Bidez doala errukia eskatu dion eskeko itsu bati hitz hauekin egin dio harrera: «Zer nahi duzu egin diezazudan?». Jarrera hau bizi ohi du Jesusek bezala maite duenak.
Jesusek ondotxo daki premiadun handienen ondoan egoten. Ez du izaten eska diezaioten beharrik. Ahal duena egiten du haien mina sendatzeko, haien kontzientzia liberatzeko edo Jainkoarekiko konfiantza kutsatzeko. Baina ezin konpondu ditu jende haren problema guztiak.
Orduan ontasun-keinuak egitera jotzen du: kaleko haurrak besoetan hartu, ez du nahi inor umezurtz senti dadin; gaixoak bedeinkatu, ez du nahi Jainkoak ahazturik senti daitezen; lepradunen larruazala ferekatu, ez du nahi bazter utzirik senti daitezen. Horrelakoak izaten dira Jesusek bezala maite duenaren keinuak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain