BELDURRETIK MAITASUNERA
Arazoa ez da esaldi bat gehiago izatea. Agindu hau, misterioz eta promesaz betea, kristautasunaren giltzarria da: «Aitak ni maite nauen bezala, hala maite zaituztet nik zuek: iraun ezazue nire maitasunean». Hemen kristau-fedearen bihotza ari gara ukitzen, beraren egia bereizteko azken irizpidea bera. «Maitasunean iraunez» bakarrik bide egin dezakegu benetako norabidean. Maitasun hau ahanztea bidea galtzea izango genuke, bide ez-kristauetan sartzea, den-dena desitxuratzea, kristautasuna errotik gezatzea, urardotzea.
Eta, halaz guztiz, ez dugu iraun beti maitasun honetan. Aski kristauren bizitzan beldur handiegia egon da eta dago oraindik, Jainkoarekiko seme-alaben konfiantza-falta handiegia. Kristau horiek elikatu dituen predikuak gehiegi ahaztu du Jainkoak guztioi digun maitasuna, hasierako poz hura, bizia eta kutsakorra, kristautasunak bizi izan zuena, itoz.
Egun batean «Berri Ona» izan zen hura, jendeari Jainkoaren «maitasun hondogabea» iragartzen ziolako, Jainko mehatxari baten berri txar bihurtu da aski jenderentzat, kasik senaz bezala uko egin zaion berri txar, uzten ez duelako ez izaten, ez bizitzen.
Alabaina, kristau-fedea, beraren esentziari saldukeriarik egin gabe, esperientzia baikor, fidakor eta gozagarri bezala bakarrik bizi daiteke. Horregatik, garai honetan zeinetan jende asko «kristautasun» jakin bat –ezagutzen duen bakarra– bertan behera uzten ari baita, galdetu beharra dugu ea, bertan behera uzte honen garapenean, eta beste faktore batzuekin batera, ez den ezkutatzen erreakzio kolektibo bat Jainkoaz egindako iragarpenaren kontra, hau da, ebanjelioari fideltasun eskasa izanik, jendeari egin izan zaion iragarpenaren kontra.
Jainkoa onartzea edo ukatzea, bera guretzat zer den sentitzeko dugun moduan jokatzen da hein handian. Baldin eta Jainkoa gure jokabidearen zelatari edo espia zorrotz bezala bakarrik hartzen badugu, edozer gauza egingo dugu beragandik ihes egiteko. Baldin eta gure bizitzari eragiten ari den adiskide bezala hartzen badugu, berriz, pozik ibiliko gara beraren bila. Horregatik, Elizak gizakiari egiten ahal dizkion zerbitzu handienetako bat Jainkoaren beldur izatetik Jainkoak maite duela pentsatzera igarotzen laguntzea da.
Dudarik gabe, bada Jainkoarekiko beldur bat osasuntsua eta emankorra dena. Liburu Santuek «jakinduriaren hasieratzat» hartzen dute. Geure bizitza galtzeko beldurra ere, baldin eta Jainkoari bihotza ixten bazaio. Beldur bat, pertsona arinkeriatik esnarazi eta Jainkoagana itzularazten duena. Baina bada Jainkoarekiko beldur bat ere, txarra dena. Ez du inor hurbilarazten Jainkoagana. Aitzitik, gero eta gehiago urruntzen du jendea harengandik. Beldur bat, Jainkoaren izaera desitxurazten duena, gizatasun gabeko bihurtuz. Beldur kaltegarria, egiazko oinarririk gabea, pertsonaren bizia eta hazte sanoa itotzen dituena.
Jende askorentzat, hau izan daiteke aldatze erabakitzailea. Jainkoari beldur izatetik, ukapen gutxi-asko mozorrotua baizik sortzen ez duen horretatik, konfiantzara igarotzea, Jesusek agindutako poza gugan ernearazten duen berarekiko konfiantzara: «Hau esan dizuet, nire poza zuengan ukan dezazuen, eta zuen poza bete-betera irits dadin».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain