JAINKOAGAN KONFIANTZA IZATEN IKASI
Konbentziturik nago ezen Jainkoaren esperientziak, Jesusek eskaini eta komunikatu digun bezala harturik, bake nahastezina isurtzen duela beti, kezkaz, beldurrez eta segurtasun-ezaz beterik den gure bihotzean. Bake hori izan ohi da kasik beti, beraren deia geure izatearen hondo-hondotik entzun dugunaren zeinurik hoberena: «Ez beldur izan, ez da parekotasunik zuen eta txolarreen artean». Nola hurbil gintezke Jainko horrengana?
Agian, lehenengo gauza Jainkoa maitasunez bakarrik esperimentatzen gelditzea da. Beragandik datorren guztia maitasun da. Beragandik bizia, bakea eta ongia datorkigu soilik. Ni aldendu naiteke beragandik eta ahaztu nezake maite nauela; bera, ordea, ez da aldatzen. Aldaketa nigan bakarrik gertatzen da. Berak ez dio uzten sekula ni maitatzeari.
Bada oraino zerbait hunkigarriagorik. Baldintzarik gabe maite nau Jainkoak, naizen bezala. Ez dut beraren maitasuna erosi beharrik. Ez dut beraren bihotza konkistatu beharrik. Ez dut, ez aldatu beharrik, ez hobeago izan beharrik, berak ni maitatzeko. Hobeto esan, berak horrela maite nauela jakinik, aldatzen, hazten eta on izaten ahal naiz.
Orain, has ninteke neure bizitzaz pentsatzen: zer eskatzen dit Jainkoak?, zer espero du nigandik? Soil-soilik, ikas dezadala maitatzen. Ez dakit zein inguruabarretan gerta naitekeen eta zein erabaki hartu beharko dudan, baina Jainkoak nigandik espero duen gauza bakarra jendea maita dezadan da eta halakoaren ongia bila dezadan, neure burua maita dezadan eta neure buruari tratu ona eman diezaiodan, bizia maita dezadan eta guztientzat duinago eta gizatiarrago egiten saia nadin. Maitasunari sentibera izan nakion.
Bada ahaztu behar ez dudan zerbait. Ez naiz bakarrik egongo sekula. Denok Jainkoagan «bizi, mugitzen eta existitzen gara». Bera izango da beti behar dudan presentzia ulerkor eta zorrotz hori, ahuldadean sostengu izango dudan esku sendo hori, bidean gidari izango dudan argi hori. Bide egitera gonbidatuko nau berak beti, biziari «bai» esanez. Egun batean, mundu honetako neure erromesaldia bukatuko dudanean, Jainkoaren baitan ezagutuko dut bakea eta atsedena, bizia eta askatasuna.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain