SEGIMENDU KRISTAUTASUNA
Krisialdian handia izaten da segurtasun bila ibiltzeko tentazioa, irtenbide errazetara jotzea eta berriro erlijioaren atea jotzera itzultzea, hainbat eta hainbat problematatik eta gatazkatatik «babestu» gaitzan.
Berrikusi beharra dugu geure kristautasuna, aztertzeko egungo Elizan Jesusen grinak eraginik ari ote garen ala «segurtasun erlijioso» bila. Johann Baptist Metz teologo aleman ezagunaren arabera, hau da Europako kristauok aurre egin beharreko erronka: aukera egitea «erlijio burges» baten eta «segimendu-kristautasun» baten artean.
Jesusi jarraitzeak ez du esan nahi, jada hila den iragan batera ihes egitea, baizik eta Jesus bera arnastu zuen espirituaren arabera bizitzen saiatzea. Norbaitek jeinuz esana duenez, gaur «Jesusen haize alde» bizitzea da kontua eta ez edozein haize alde.
Segimendu hau ez datza berrikeria bila ibiltzean, ezta talde hautatuak sustatzean ere, baizik eta Jesus bihurtzea geure elkarteen ardatz bakar, berak Jainkoaren erreinua deitzen zuenaren zerbitzura bipilki jarriz.
Horregatik, Jesusi jarraitzeak kasik beti «haize kontra» bide egin beharra dakar, jarrera errebesa hartuz Ebanjelioaren espirituarekin bat ez datozen ohitura, moda edo joeren kontra.
Eta honek bere eskakizunak ditu, ez bakarrik ez uztea gizarte azaleko eta kontsumistari zozotu eta menpeko egin gaitzan, baizik eta, are gehiago, adiskide eta familiartekoei berei ere kontra egitea, Ebanjelioaren aurkako bidea hartzera gonbidatzen gaituztenean.
Horregatik, Jesusi jarraitzea, prest egotea da gatazkarako eta gurutzerako. Prest egotea Jesusen zoria partekatzeko. Berarena bezalako biziera gurutziltzatuaren arriskua onartzeko, jakinik piztuera dugula zain. Ez ote gara gaur gai izango beti bizirik den Jesusi jarraitzeko deia entzuteko?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain