GIZARTE SOSTENGURIK GABE?
Nola berreskura lezake Elizak, duela urte batzuk bakarrik gure gizartean izan zuen bere gizarte-ospea eta nola erabili hura berriro? Ozenki aitortu gabe agian, aski dira aldi haiek amesten dituztenak, zeinetan Eliza gai baitzen bere mezua hots egiteko, botere politikoaren sostengua zuelarik, plataforma pribilegiatuetatik.
Ez ote genuke ahalegindu behar galdutako botere hura berreskuratzen?, propaganda erlijioso eta moral eraginkor bat egiteko aukera emango ligukeena, gure artean nagusitzen ari diren beste ideologia eta iritzi-korronte batzuk gainditzeko aukera emango ligukeena?
Ez ote genituzke garatu behar egitura erlijioso boteretsuago batzuk, geure erakundeak sendotu behar eta Eliza «enpresa lehiakorrago eta errentagarriago» bihurtu behar?
Dudarik gabe, kezka honen hondoan gogo egiati bat dago: gaur egungo gizon-emakumeei ebanjelioa hots egiteko erabateko gogoa; baina hori al da egin beharreko bidea? Jesusen hitzek, bere ikasleak ogirik eta bide-zorrorik gabe, dirurik eta ordezko-tunikarik gabe bidaltzea, beste zerbait azpimarratzen dute: «bide egitea» behartsu, aske, arin eta prestasun osoz.
Inporta duena, ez da segurtasuna emango ligukeen hornidura, baizik eta egiati bizi izandako ebanjelioak ematen duen indarra bera; izan ere, ebanjelioa gizartean sartuko bada, ez da izango propaganda-baliabide eraginkorren bidez, baizik eta Jesu Kristori jarraitzea leial bizi duten lekukoen bitartez.
Premiazkoak dira Elizan erakundetzea eta egiturak, baina, soilik, fededunen ebanjelio-bizitza sostengatzeko. Gehiegizko hornikuntzaz zamaturiko Elizak arriskua izango luke egonkor eta kontserbadore bihurtzeko. Luzarora, gehiago arduratuko litzateke bere burua hornitzeaz, Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan aske bide egiteaz baino.
Eliza babesgabeagoa, pribilegiorik gabeagoa eta botere soziopolitikoz pobreagoa, Eliza askeagoa izango da eta gaiagoa ebanjelioa beronen egia jatorrenean hots egiteko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain