BIDE BAZTERREKO ZAURITUAK
«Samariar onaren» parabola bihotzetik irten zitzaion Jesusi; izan ere, bide-bazterrean ikusten zituen eskale eta gaixoen arreta handiz ibili ohi zen Galilean barna. Guztiei irakatsi nahi zien bizitzan «gupidatsu» ibiltzen; batez ere, ordea, gidari erlijiosoak zituen gogoan.
Bide arriskutsu bateko bazterrean eraso eta lapurtu dioten bat utzi dute «erdi hilik». Zorionez, bidean barna apaiz bat iritsi da eta berehala lebitar bat. Biak dira tenpluko mundu ofizialeko kide. Pertsona erlijioso dira. Dudarik gabe, gupidatuko dira bide-bazterrekoaz.
Ez da, ordea, horrela gertatu. Zauritua ikustean, biek itxi dituzte begiak eta bihotza. Gizon hura inor ez bailitzan da bientzat: «Bira bat eman eta alde egin dute», gelditu gabe. Beren otoitz-zaletasunari eta Jainkoarekiko kultuari emanik, bidean aurrera joan dira. Beren kezka ez dituzte sufritzen ari direnak.
Zeruertzean hirugarren bidaiari bat ageri da. Ez da, ez apaiz, ez lebitar. Ez dator tenplutik; are gehiago, ez da herri hautatuko kide ere. «Samariar» mespretxagarri bat da. Okerrena espero daiteke harengandik.
Halaz guztiz, zauritua ikustean «barnea nahastu zitzaion». Ez du alde egin. Hurbildu zaio eta ahal duen guztia egin dio zaurituari: zauriak garbitu, sendatu eta bendatu. Ondoren, bere zamari gainean jarririk, ostatura eraman du. Berak zaindu du han eta zaindu dezaten eskatu die gero.
Zail da imajinatzea Jesusen dei xaxagarriagorik bere jarraitzaileei, eta era zuzenekoagoan gidari erlijiosoei. Ez da aski Elizan instituzioak, erakundeak eta sufritzen ari direnen ondoan pertsonak izatea. Eliza osoa da agerian agertu behar duena fisikoki eta moralki sufritzen ari direnekiko instituziorik sentiberen eta konprometituen bezala.
Elizari bide-bazterreko zaurituen aurrean barrua nahasten ez bazaio, egin eta esan dezakeena aski balio txikiko izango da. Gupidak bakarrik bihur dezake gaur egun Eliza gizatiarrago eta sinesgarriago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain