LEGAMIAREN INDAR ERALDATZAILEA
Behin eta berriz errepikatu ohi zuen Jesusek: hemen da jada Jainkoa, mundua eraldatu nahiz; etorri dator beraren erreinua. Ez zen gauza erraza berari sinestea. Zerbait ikusgarriagorik espero zuen jendeak: non hauteman zezaketen Jainkoaren ahalmena, bere erregetza noizbait ere ezartzen?
Gogoan zuen artean Jesusek eszena hura, bere etxe atarian ikusi bide zuena. Ama eta gainerako emakumeak goizean goiz jaikitzen ziren, larunbat-bezperan, aste guztirako ogia prestatzera. Horrek orain Jainkoaren amatasun-jarduera iradokitzen zion Jesusi, munduan bere «legamia» sartzen.
Jainkoaren erreinuarekin «legamiarekin» bezala gertatzen da: emakume batek irin-orean «ezkutatzen» du «legamia» «dena» hartziturik gera dadin. Horrela dihardu Jainkoak. Ez dator bere ahalmena kanpotik ezartzera, Erromako enperadoreak egin ohi duen bezala. Bizia barnetik eraldatzera dator, era isil eta ezkutuan.
Horrelakoa da Jainkoa: ez du bere ahalmena indarrez ezartzen, baizik eta eraldatu egiten du; ez du dominatzen, baizik eta erakarri. Eta horrela jokatu behar dute beraren egitasmoan parte hartzen dutenek: «legamia» gisa, munduan bere egia, bere zuzentasuna eta bere maitasuna era apalean sartuz, baina indar eraldatzaileaz.
Jesusen jarraitzaileok ezin aurkeztu gara gizarte horretan «kanpotik arituz» bezala, geure ahalmena ezarriz geuk bezala pentsatzen ez dutenak dominatzeko eta kontrolatzeko. Ez da hori Jainkoaren erreinurako bidea irekitzeko modua. Gizartearen «barnean» bizi behar dugu, gaur egungo munduaren ziurtasun-eza, krisialdia eta kontraesanak partekatuz, eta ebanjelioak eraldatua duen geure biziaren ekarpena eginez.
Geure fedea «gutxiengo bezala» bizitzen ikasi beharra dugu, Jesusen lekuko leial bezala. Elizak behar duena, ez da botere sozial edo politiko handiago bat, bazik eta apaltasun handiagoa, Jesusek eralda gaitzan uzteko eta mundu gizatiarrago baten legamia izateko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain