OGIA PARTEKATU
Ebanjelarietako inork ez du azpimarratu Joanek adina «ogiak ugaltzearen» izaera eukaristikoa. Bere kontakizunean argiro iradoki du lehen kristau-elkarteen eukaristia-ospakizuna. Lehen fededun haientzat, ez zen Jaunaren heriotzaren eta piztueraren oroitzapena bakarrik. Aldi berean, «erreinuko haurridetasuna (anai-arreba artekotasuna) aurretiaz bizitzea» zen.
Urte askotan hartaraino azpimarratu izan dugu eukaristiaren sakrifizio-izaera, non erraz ahazten baititugu Jaunaren afariaren beste alde batzuk. Agian, gaur indartsuago gogorarazi beharko genuke ezen afari hau komunioaren (elkartasunaren) eta haurridetasunaren (anai-arreba artekotasunaren) zeinu dela, gaur jadanik geure artean zaindu beharrekoa dugunaren eta erreinua erabat gauzatuko denean bere benetako betera iritsiko denaren zeinu. Eukaristiak fededunentzat etengabeko gonbit bat izan beharko luke, geurea duguna premian direnekin partekatzeko gonbit bat, gutxi izanik ere, «bost ogi eta bi arrain» bakarrik badira ere.
Eukaristiak galdetzera behartzen gaitu zer harreman ditugun bera ospatzen dugunon artean; izan ere, «haurridetasun-komunioaren zeinu» izanik, iseka bihurtzen da baldin eta guztiok hartzen badugu parte: beren ongizateaz aserik bizi direnek eta gosea jasaten dutenek, gainerakoez baliatzen direnek eta zokoraturik bizi direnek, eukaristiak inori ez diola serioski ezer esaten emango lukeelarik.
Batzuetan kezka izaten dugu batzarburuak erritualean agindutako hitzak zuzen jaulki dituen ala ez. Problema bihurtzen dugu ahoan ala eskuan jaunartu behar delakoa. Eta, bitartean, ematen du ez gaituela hainbat kezkatzen eukaristiaren ospakizuna egiazko haurridetasunaren zeinu ez izateak eta ez eragiteak ere hura bilatzera.
Eta, halaz guztiz, bada Elizaren tradizioan argiro ageri den zerbait: «Haurridetasuna falta denean, sobera dago eukaristia» (Luis González-Carvajal). Zuzentasunik ez denean, era solidarioan bizi ez garenean, gauzak aldatzeko lanik egiten ez dugunean, ahaleginik ikusten ez dugunean sufritzen ari direnen problemak partekatzeko, eukaristia-ospakizuna zentzurik gabe geratzen da.
Honekin ez da esan nahi ezen geure artean benetako haurridetasuna bete-betean bizi dugunean bakarrik ospatu ahal izango dugula eukaristia. Ez dugu zertan zain egon eukaristia ospatzeko azken zuzentasun-eza ezkutatu arte. Baina ezin jarraitu dugu ere bera ospatzen, mundu zuzenago bat egitera eragiten ez badigu.
Eukaristiaren ogiak maitasunerako elikatzen gaitu eta ez egoismorako. Komunikazio eta solidaritate handiagoak sortzera eragiten digu, eta ez mundu bat, zeinetan bata besteaz axolatu gabe biziko baikinateke.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






