BETIKOTASUNAREN ETXE-MINA
Konturatzen garenean urteak gure osasuna hondatzen ari direla eta geure egunen azkenera ere hurbiltzen ari garela, zerbait asaldatzen da gure barnean. Zer dela-eta gure hil behar hau, geure izatearen hondo-hondoan zerbaitek esan digunean bizitzeko eginak garela?
Gure bizitza egunetik egunera gelditu gabe gastatzen ari dela gogoratze horrek ezinaren eta pena baten sentimendua jaioarazten du gugan. Bizitzak askoz ederragoa izan beharko luke guztiontzat, gozagarriagoa, luzeagoa. Hondo-hondoan, bizitza zoriontsua eta betikoa antsiatzen dugu guztiok.
Beti sentitu izan du gizakiak betikotasunaren etxe-mina, nostalgia. Hor ari dira herri guztietako olerkariak biziaren iheskortasuna abesten, edota artista handiak gerokoentzat artelan galezina utzi nahian, edota, besterik gabe, gurasoak beren burua beren seme-alaba kutunenetan betikotu nahiz.
Itxuraz, gaur egun aldatu egin dira gauzak. Artistek diote ez direla ari hilezintasunari begira, baizik eta, soil-soilik, bizi duten beren garaia dute xede. Bizitza hain ziztu bizian ari da aldatzen, non gurasoek lanak baitituzte beren burua beren seme-alabengan ikusteko. Halaz guztiz, bizirik jarraitzen du betikotasunaren etxe-minak, nahiz eta, agian, era xaloagoan agertzen den.
Gaur egun, baliabide guztiez, gelditu egin nahi luke gizakiak aldia edo denbora, gaztetasunari kultua eskainiz. Gizaki modernoak ez du sinesten betikotasunean; horregatik, oraingo bere bizitzaren aldi pribilegiatua betikotzeari eman dio buru-belarri. Ez da zail ikustea nolatan iristen den gizakia barregarri izatetik oso urrun ez dauden portaerak agertzera, zahartzeari dion izuak eta gazte jarraitzeko antsiak eraginda.
Batzuetan iseka egiten zaie fededunei, esanez, ezen, heriotzaren beldurrez, zeru bat asmatu dutela, beren betikotasun-antsiak inkontzienteki hartan proiektatuz. Alabaina, inork ez du kritikatzen, esateko, neoerromantizismo moderno hori, zeinetan kokatu nahi baitute inkontzienteki beren «beti-betiko gaztetasuna».
Gizakia, betikotasunaren bila dabilenean, ez da ari pentsatzen nola kokatuko den lurrean pixka bat erosoago, bere bizitza ahalik gehien luzatzeko. Antsiatzen duena, ez da gozamenen eta sufrimenen, arrakasten eta desengainuen nahastura ezagun hori betikotzea, baizik eta behin betiko kalitatea izango lukeen bizitza bilatzea, bere zoriontasun-egarriari erantzungo liokeena.
Ebanjelioak gonbita egin dugu «galtzen ez den, baizik eta betiko bizia emanez irauten duen janari bila lan egitera». Fededuna bere baitan betikotik duena elikatzen saiatzen da, bere bizia betiko bizi duen Jainkoagan eta «heriotza baino indartsuagoa den» maitasun batean errotuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain