HONDORATU BAINO LEHEN
Harritzekoa da zein gaurko bihurtu den krisialdi erlijioso hauetan Galileako aintzirako ekaitzaren kontakizuna. Ezaugarri trebez deskribatu du Mateok egoera: Jesusen ikasleak bakarrik daude, «lur lehorretik» urrun, itsasoko ziurgabetasunean; ontzia «olatuen astindua» jasaten ari da, kontrako indarrek gainezka eginik; «kontrakoa dute haizea», dena bihurtu zaie kontra; «gau ilun-iluna» da, ilunak ez du uzten zeruertza ikusten.
Horrela bizi da kristau ez gutxi gaur egun. Ez dago, ez segurtasunik, ez ziurtasun erlijiosorik; den-dena bilakatu da ilun eta dudagarri. Erlijioa mota guztietako salaketa eta errezelo ari da jasaten. Kristautasunaz iraganekoa izango litzatekeen eta azkenak ematen ariko litzatekeen erlijio batez bezala hitz egiten da; «aro postkristauan» sartzen ari garela esaten da (E. Poulat). Zenbait jenderengan galdera jaio da: erlijioa ez ote da amets irreal bat, mito xalo bat, galtzera joateko deitua? Hori da ikasleen oihua Jesus ekaitzean barruntatu dutenean: «Mamu bat da».
Berehala etorri da Jesusen erreakzioa: «Aupa, neu naiz, ez beldur izan». Hitz hauek animaturik, eskari ezentzuna egin dio Pedrok Jesusi: «Jauna, zu bazara, agindu iezadazu zugana joateko ur gainean oinez». Ez daki Jesus mamu bat den ala norbait erreal, baina berarengana oinez joan ote daitekeen egiaztatu nahi du, ez lur lehorrean, baizik ur gainean, ez argudio segurutan sostengatuz, baizik fedearen ahuldadean.
Horrela bizi du fededunak Kristorekiko atxikipena krisialdietan eta ilunaldietan. Ez dakigu Kristo mamu bat den ala norbait biziduna eta erreala, Aitak berpiztua gure salbaziorako. Ez dugu argudio zientifikorik egiaztatzeko, baina badakigu esperientziaz bizitzan barna bide egin daitekeela Kristorekiko fedea eta beraren hitza sostengu harturik.
Ez da gauza erraza fede biluz honetan bizitzea. Ebanjelioko kontakizunak diosku Pedrok «haizearen indarra sentitu zuela», «beldurra sartu zitzaiola», eta «hondoratzen hasi zela». Oso ezaguna da prozesua: gaitzaren indarrari bakarrik erreparatzea, beldurrak zurrundu gaitzan uztea eta etsipenean hondoratzea.
Pedrok erreakzionatu du eta, guztiz hondoratu aurretik, hots egin du: «Jauna, salba nazazu». Ez nola, ez zergatik jakin gabe, posible da orduan Kristo sumatzea, eskua luzaturik, geure fedearen sostengu bihurturik, eta salbatzen gaituela, aldi batean esaten digularik: «Fede gutxiko hori, zergatik duda-muda hori?».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain