JESUSI JARRAITZEA
Bi ikaslek, Bataiatzaileak bideraturik, Jesusi jarraitzeari eman diote. Alditxo batez beronen ondoren, isilik, bide egin dute. Ez dute artean egiazko harremanik izan. Bat-batean, Jesusek itzuli eta galdera erabakitzaile bat egin die: «Zeren bila zabiltzate?», zer espero duzue nigandik?
Beste galdera batekin erantzun diote biek: Rabi, «non bizi zara?», zein da zure bizitzaren sekretua?, nondik bizi zara zu?, zer da zuretzat bizitzea? Jesusek erantzun die: «Zatozte eta ikusiko duzue». Egin esperientzia zeuek. Ez ibili beste norbaiten informazio bila. Zatozte nirekin bizikide. Ikusiko duzue zein eta nor naizen, eta nola eralda dezakedan zuen bizitza.
Solasaldi labur honek hitz korapilatsu askok baino argi gehiago egin dezake kristau-fedearen muinaz. Azken batean, zer da erabakitzailea kristau izateko?
Lehenik eta behin, bila ibiltzea. Bere bizitzan ezer bilatzen ez duenak eta «arrastaka bizi» edota «bizi-gura huts» denak ez du posible Jesusekin topo egitea. Kristau-fedeaz ezer ez ulertzeko erarik hobena ardurarik ez izatea da era egokian bizitzako.
Inporta duena ez da zerbaiten bizi ibiltzea, baizik eta norbaiten bila ibiltzea. Ez dezagun zapuztu ezer ere. Egunen batean senti bageneza Jesusek «ukitzen gaituela», hark atzeman gaitzan uzteko unea izango da, aurkakorik eta erresalburik gabe. Alde batera utzi behar dira konbentzimendu eta duda-mudak, irakaspen eta eskemak. Ez digu eskatuko erlijiosoago eta otoizlariago izatea. Soilik, berari jarraitzeko eskatuko digu.
Kontua ez da Jesusez gauza asko jakitea, baizik eta berarekin sintonizatzea, beraren oinarrizko jarrera baitaratzea eta berak, pertsona bezala, on egiten digula esperimentatzea, geure espiritua biziberritu egiten duela eta indarra eta esperantza isurtzen dizkigula bizitzeko. Hau gertatuko denean, konturatuko zara zein gutxi sinesten zenuen Jesusengan, zein oker hartua zenuen kasik dena.
Baina funtsezko gauza kristau izateko, bera bizi zen bezala bizitzen saiatzea da, era pobre samarrean eta xume bada ere. Berak sinesten zuena sinestea, garrantzia berak ematen zionari ematea, berak ardurazko zuenaz arduratzea. Bizitza berak hartzen zuen bezala hartzea, jendea berak hartzen zuen bezala hartzea: aditu, harrera eta lagun egitea berak egiten zuen bezala. Jainkoagan konfiantza izatea berak izan ohi zuen bezala, otoitz egitea berak egin ohi zuen bezala, esperantza kutsatzea berak kutsatu ohi zuen bezala. Zer sentitzen duzu horrela bizitzen saiatzen zarenean? Ez al da hau guztia bizitzen ikastea?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain