SEINALEEN HIZKUNTZA
Joan ebanjelariak ez du esan Jesusek «mirariak» edo «mirakuluak» egin zituenik. «Seinaleak» izena eman die Joanek; hain zuzen ere, gure begiek ikus dezaketena baino sakonagora garamatzaten keinuak direlako. Zehazki, Jesusek egin dituen seinaleek hari begira jartzen gaituzte eta haren indar salbatzailea aurkiarazten digute.
Seinale guztien hasiera da Galileako Kanan gertatua. Bere bizitza guztian Jesusek burutu dituen seinale guztien prototipoa. «Ura ardo bihurtze» horretan eskaini digu Jesusek giltza, berak dagien salbazio-eraldaketaren mota ulertzeko; baita, haren izenean, haren jarraitzaileek eskainiko dutenarena ere.
Eztei baten markoan gertatu da guztia; jairik gizatarrenaren markoan, maitasunaren sinbolo adierazkorrenaren, Jainkoak gizakiarekin egin duen elkartze behin betikoa iradokitzeko Bibliaren tradizioko imajinarik hobenaren markoan. Jesu Kristoren salbazioa honela behar dute bizi eta eskaini haren jarraitzaileek: haiek huts gertatzen direnean, hau da, «ardorik gabeko» eta zoriontasun osoaren gure gogoa betetzeko ez-gai direnean, giza jaiak bete-beteko egiten dituen jai bezala, alegia.
Besterik ere iradokitzen du kontakizun honek. Orduan bakarrik har dakioke urari ardo-gustua: juduek beren burua garbi egiteko harrizko sei urontzi handitan izan ohi duten eta, Jesusen hitzari jarraituz, haietatik aterea denean. Harrizko harlauzatan idatzia den legearen erlijioa agortua da jada: hura ez da gai gizakia garbi egiteko. Jesusek dakarren maitasunaz eta biziaz liberatu beharra da erlijio hori.
Jendea ezin da ebanjelizatu nolanahi. Jesusen indar eraldatzailea komunikatzeko ez dira aski hitzak, beharrezkoak dira keinuak. Ebanjelizatzea ez datza hitz egite hutsean, ez predikatze eta irakaste hutsean, are gutxiago juzkatzean, mehatxu egitean edo gaitzestean. Premiazkoa da eguneratzea, leialtasun sortzailez, Jesusek egin ohi zituen seinaleak; hain juxtu, landa-jende haren bizitza latza gozatzeko, Jainkoagandiko alaitasuna gizarteratuz, Jesusek egiten zituen seinaleak eguneratu beharra dugu.
Gaur egungo jende askori Elizaren hitza bost axola dio. Aspertu egiten da gure ospakizunetan. Elizagandik seinale hurbilagokoak eta adiskidetsuagoak nahi ditu, bizitzako sufrimendua eta laztasuna eztitzeko kristauengan gaitasun handiagoa ikusi ahal izateko.
Zein ibiliko da berri gozagarri ez den zerbaiten bila? Nagusiki, ebanjeliora jauntxokeria eta mehatxua erabiliz jotzen bada? Jesu Kristo jende askok bizitzeko indar eta eragin bezala espero du, eta era zentzuzkoagoz eta pozgarriagoz bizitzeko bide bezala. Soilik, «erlijio geldoa» eskaintzen bazaie, ezin dastatu ahal izango dute Jesusek kutsatu ohi zuen jai-alaitasun hura, eta urrunduz jarraituko du jendeak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain