JESUSEKIN KOMUNIATU
«Zorionekoak Jaunaren afarira deituak». Hori esaten du apaizak eukaristia-ogia herri osoari aurkeztean, bera banatzen hasi aurretik. Zer oihartzun dute, ordea, gaur egun hitz horiek entzuten dituztenen artean?
Jende asko, dudarik gabe, zorioneko sentituko da komuniatzera hurbildu ahal izateaz, Kristorekin topo egin eta harengan bere bizia eta fedea elikatzeko. Beste aski jende, berriz, automatikoki altxatuko da, beste behin ere errutinazko keinu bat, bizirik gabea, burutzeko. Hirugarren, pertsona-kopuru handi batek ez du sentituko parte hartzera joateko deirik; sentitu ere ez du sentitzen, horrenbestez, inolako asetasun-faltarik.
Eta, halaz guztiz, komuniatzea kristauarentzat aste osoko keinurik garrantzizkoena eta nagusiena izan daiteke, baldin eta beraren adierazgarritasun eta dinamismo guztiaz bizi badugu.
Jaunartzeko prestaera-erritua Gure Aita abestuz nahiz errezitatuz hasten da. Ez gara prestatzen komuniatzera nor bere aldetik, indibidualki. Denok familia bat eratuz jaunartzen dugu, tirandurak eta desberdintasunak gorabehera, haurridetasunez, anai-arreba artekotasunez, bizi duelarik, guztiek Aita bat berari dei eginez eta guztiok Kristo bat beragan topo eginez.
Ez da mezakoan Gure Aita errezatze hutsa. Otoitz honek sakontasun berezia izaten du une honetan. Apaizaren keinua, eskuak irekirik eta goraturik, gonbita da deiari jarrera konfiantzazkoa egitera. Eskariek hots desberdina dute jaunartzera joatean: «emaguzu ogia» eta elika ezazu gure bizitza komunio honetan; «etor bedi zure erreinua» eta etor bedi Kristo elkarte honetara; «barkatu gure irainak» eta presta gaitzazu zure Semea hartzeko.
Prestaera honi bake-besarkadaz ematen zaio jarraipena: keinu iradokitzailea eta indarrez betea da, isolamendua, urruntasuna eta solidaritate-gabezia egoista gainditzera gonbidatzen gaituena. Bake-erritu hau, aurretik bakea eskatzeko bi otoitz dituena, ez da adiskidetasun-keinu hutsa. Konpromisoa adierazten du: «Jaunaren bakea» kutsatuz bizitzeko konpromisoa, zauriak sendatuz, gorrotoa ezabatuz, haurridetasun-zentzua eraberrituz, solidaritatea iratzarriz bizitzeko konpromisoa.
«Jauna, ni ez naiz inor…» deia, fede apalez eta Jesusi leialago izanez bizitzeko asmoz esana, azken keinua da, abestuz Jauna hartzera hurbildu aurretik. Eskua luzatuz eta irekita jartze hori jarrera berezia da, bizi-ogia hartzera bere barrua irekitzen duen batena, pobre eta behartsu batena.
Isiltasun esker oneko eta konfiantzazkoak, Kristoren hurbiltasunaren eta gure artean presente dagoelakoaren ohartzaile bihurtzen gaituenak, kristau-elkarte osoaren otoitzak eta azken bedeinkazioak bukatzen dute jaunartze-erritua. Ez ote litzateke sendotuko gure fedea sakontasun biziagoz jaunartzera iritsiko bagina?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain