ESAERA GOGOR BAT
Jesusen esaerarik gogorrenetakoa da, noski, gaur egungo gizon-emakumeentzat: «Saia zaitezte ate estutik sartzen». Zer esan lezake gaur egun Ebanjelioko erregu honek?, berriro behar al dugu itzuli kristautasun beltz ilun eta mehatxagarrirantz?, berriro ekin behar al diogu moralismo hertsi baten bideari?
Ez da erraza zehatz antzematea Jesusek erabilitako irudiaren asmoari. Ez datoz bat adituen interpretazioak. Halere, guztiak datoz bat esatean Jesusek ahalegin eta ukapen pertsonal baterako deia egiten digula, bizitza salbatzeko ezinbesteko jarrera bezala.
Ezin izan zen bestela. Gure gizarte laxo honek ahaztu egin nahi duela ematen duen arren, ahalegina eta diziplina guztiz beharrezkoak dira. Ez da beste biderik. Norbaitek bere burua garatzea atsegin denaren eta plazent denaren bidetik lortu uste badu, laster jabetuko da bere buruaz gero eta jabetasun txikiagoa duela. Inork ez du lortzen bere bizitzan helburu benetan baliokorik ukapenik eta sakrifiziorik gabe.
Ukapen hau ez da hartu behar nork bere buruari txoro-txoro kalte egitea balitz bezala, osasuntsu bizitzeak berekin duen alde plazentari uko eginez. Era duin eta baikorrean bizitzeko ezinbesteko diren ukapenak onartzea da kontua.
Esaterako, egiazko bizitza harmonia da. Koherentzia sinesten dudanaren eta egiten dudanaren artean. Ez da izaten beti erraza harmonia pertsonal hau. Nor bere buruarekin koherente bizitzeak bere eskakizunak ditu: uko egitea nire kontzientziarekin kontraesanean dagoenari. Ukapen hau gabe, ezin hazi da pertsona.
Bizitza egia da halaber. Zentzurik izango badu, egia maite behar du pertsonak, egiaren bila behar du saiatu eta haren ondoren ibili. Honek, ordea, ahalegina eta diziplina eskatzen du; norbera desitxuratzen duten eta errealitate faltsu batean bizitzera eramaten duten gezurrari eta autoengainuari uko egin beharra; Ukapen hau gabe ez da zinezko bizitzarik.
Bizitza maitasun da halaber. Bere probetsu propioan hesiturik bizi denak, bere handinahiaren esklabo, gauza asko lortu ahal izango du, baina porrota izango da halakoaren bizitza. Maitasunak egoismoari, bekaizkeriari eta erresuminari uko egitea eskatzen du. Ukapen hau gabe ez da maitasunik, eta maitasunik gabe ez dago pertsonaren hazkunderik.
Bizitza erregalu da, baina eginkizun ere bai. Gizon-emakume izatea duintasun bat da, baina lan egin beharra ere bai. Ez dago handitasunik eskuzabaltasunik eta desatxikimendurik gabe; ez dago askatasunik sakrifiziorik gabe; ez dago bizitzarik ukapenik gabe. Gizarte laxoaren errorerik handienetako bat «zoriontasuna erraztasunarekin» nahastea da. Jesusen erreguak bere larritasun osoa du gaur egunerako. Ukapenik gabe ez da irabazten, ez bizitza honetan, ez betikoan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain