ZEIN TOLERANTZIA?
Tolerantziak leku gailena du gaur egun Mendebalean preziatuak diren bertuteen artean. Inkesta guztiek baiesten dute baieztapena da. Tolerante izatea balore sozial bat da gaur egun, gero eta zabalago aitortua. Gazte-belaunaldiek ezin jasan dute jadanik tolerantzia-falta edota besteekiko begirune-falta.
Ingurumen sozial berri hau ospatu beharra dugu, mendetan barna tolerantzia-eza eta indarkeria bizi izan ondoren, askotan erlijioaren edo dogmaren izenean bizi izana, gainera. Zenbateko eta nolako dardara eragiten duen gaur egun gure kontzientzian Miguel Delibesen El hereje nobela bikaina irakurtzeak!, eta zer gozotasun sentitzen duen gure bihotzak bertan tolerantziari eta pentsaera-askatasunari egiten zaien kantu biziarekin!
Horrek guztiak, ordea, ez digu eragozten «tolerantzia» mota batekin kritiko izatea; bertutea edo gizatar ideala baino gehiago baloreen gaitzespen eta edozein giza egitasmoaren zentzuaz ezaxola denarekin; esaten duenarekin: bakoitzak nahi duen bezala pentsa lezake eta nahi duena egin, gutxi inporta du-eta pertsonak bere biziarekin egiten duenak. «Tolerantzia» hau printzipio argiak falta direnean jaiotzen da, ongia eta gaizkia bereizteko printzipioak falta direnean edota eskakizun moralak lausoturik geratzen direnean edo gutxieneko mailara jaitsi direnean.
Egiazko tolerantzia ez da «nihilismo morala», ezta zinismoa edo axolarik eza ere, gaur egun nabari den baloreen higaduraren aurrean. Besteen kontzientzia begirunez errespetatzea da, giza balore guztiekiko irekitasuna da, gizaki izenak berak duinago aitortzen duen gizakiak egiten duenarekiko ardura. Balore handi bat da tolerantzia, ez egia objektiborik, ez moraltasunik ez dagoelako, baizik eta bi berauetara hurbiltzeko modurik hobena elkarrizketa eta elkarrekiko irekitasuna direlako.
Horrela ez denean, laster gelditzen da tolerantzia delako hori mozorroa galdurik, laster gelditzen da agerian benetan zer den. Tolerante bagina bezala hitz egiten dugu, baina zokoratze eta bereizkeria berriak agertzen dira; guztiekiko begirunea oihukatzen dugu, baina gogaikarri den hura deskalifikaturik eta barregarri uzten dugu. Nola argitu bere burua tolerante oihukatzen duen gizarte batean, xenofobia berriro jaiotzen ikustea edota erlijioso diren guztiekiko iseka janaritzea?
Egiazko tolerantzia bizi den gizartean gizakiarentzat hoberena dena bilatzeko gogoa ageri ohi da. Tolerante izatea elkarrizketa egitea da, guztiek batera bilatzea, etorkizun hobe baten bila jardutea, inor mespretxatu eta zokoratu gabe; halere, ez da erantzukizunik eza, ez da baloreak bertan behera uztea, ez da eskakizun moralak ahaztea. «Ate estutik» delako Jesusen deiak ez du zerikusirik zorrozkeria sumindu eta agorrarekin. Gizakiaren bizitza duinean ageri ohi diren eskakizunak, batzuetan premia handikoak, ahaztu gabe bizitzeko deia da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






