DOAN
Bada Jesusen «zoriontasun» bat, kristauok alde batera utzia duguna. «Jai-otordu bat eskaintzen duzunean, gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu ezin ordaindu badizute». Bizitzan, zail gertatzen zaigu hitz hauek ulertzea; izan ere, doakotasunaren hizkuntza arrotz eta ulertezin gertatzen zaigu.
«Jabetasuna goratzen den gure zibilizazio» honetan, ez da doakorik aipatzen kasik. Trukatu egiten da den-dena, aurreratu egiten da, zor izaten da edota exijitu egiten da. Inork ez du sinesten «hobe dela ematea hartzea baino». Zerbitzu ordainduak bakarrik eskaintzen ditugu, «interesak kobratzen» ditugu egunetan barna egiten dugun guztiagatik.
Alabaina, bizitzako unerik bizienetan eta nagusienetan jakiten dugu doakotasuna bizitzen. Probetxurik gabeko buru-eskaintzan bakarrik ahogozatu ohi da egiazko maitasuna, gozamena, solidaritatea, elkarrekiko konfiantza. San Gregorio Naziantzokoak esana da: Jainkoak gizakia kreatu, Jainkoaren beraren distiraren kantari izan dadin kreatu du; eta, benetan, gizakia ez da inoiz ere hain handia doako eta probetxurik gabeko maitasuna distiratzen duenean baino.
Ez ote gintezke eskuzabalago izan beraiekin egin duguna ezin itzuliko digutenean? Ez ote gintezke hurbildu bakarrik eta ezindun bizi direnengana, halakoen ongia buruan soilik dugularik? Buruan geure probetxua dugula bizi behar al dugu beti?
Edozein gozamen eta asetze-motaren bila bizitzen ohituak gaude; hori kontuan izanik, ausartuko ote gara ezkutuko, baina benetako, zoriona ahogozatzen, gure premian denari egindako doako eskaintzak bere baitan izan ohi duen zoriona? Jesusen jarraitzaile leial izan zen Charles Péguy konbentziturik bizi zen, eta berak idatzia da: «galtzen duenak irabazi egiten duela».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







