GORRERIA SENDATU
Sidon lurralde paganoan gormutu bat sendatu izana dakar Markosek, argi eta garbi asmo pedagogikoaz. Gaixo berezia da oso. Ez entzuten du, ez hitz egiten. Bere baitan hesiturik bizi da, inorekin komunikatu gabe. Ez da konturatu Jesus beraren ondotik doala. Beste batzuek eraman dute Profetagana.
Orobat da berezia Jesusen jokabidea ere. Ez dizkio eskuak ezarri eskatu dioten bezala, baizik eta berarekin aparte hartu eta jenderik ez den leku batera eraman du. Han biziki lan egin du: lehenik haren entzumenari dagokionez, ondoren haren mihiari dagokionez. Gaixoak bere ukitu sendatzailea senti dezan nahi du. Jesusekin topo egite sakon batek bakarrik sendatu ahal izango du hain gogorra duen gorreritik.
Itxuraz, ez da aski izan ahalegin hura guztia. Gorreriak gogor eutsi dio bereari. Orduan, Aitagana jo du Jesusek, salbazio ororen iturrira: zerura begira jarri, hasperen bat egin eta hitz bakar bat esan dio gaixoari: Effeta, hau da, «Ireki hadi». Hitz hau bakarrik jaulki du Jesusek kontakizun osoan. Ez da gorraren entzumenari esana, baizik haren bihotzari.
Dudarik gabe, Jesusen hitz honek, entzungo duten kristau-elkarteetan, indartsu jo dezan nahi du Markosek. Ondo asko daki zein erraza den Jainkoaren Hitzarekiko gor bizitzea. Gaur egun ere badira kristauak, Jesusen Berri Onari irekitzen ez zaizkionak; baita beren fedeaz inori hitz egiten ez diotenak ere. Elkarte gormutuak dira, Ebanjelioa gutxi entzuten eta oker komunikatzen dutenak.
Gorreria dateke gaur egungo kristauen bekatu larrienetako bat. Ez diogu ematen Jesusen Ebanjelioa entzuteari. Ez diogu bihotza irekitzen haren hitzak onartzeari. Horrenbestez, ez gara gai pazientziaz eta errukiaz entzuteko sufritzen ari den hainbat eta hainbat jenderi, inoren laztanik eta arretarik jaso gabe bizi denari.
Batzuetan ematen du, Eliza, Jesusen Berri Ona hots egiteko Jesusengandik beragandik jaioa den hori, bere bide propioa ari dela egiten, jendearen kezka, beldur, lan eta esperantzaren bizitza zehatzeaz ahazturik. Alabaina, Jesusen deiak entzuten ez baditugu, ezin ezarriko dugu esperantza-hitzik sufritzen ari direnen bizitzan.
Bada zerbait paradoxazkorik Elizaren zenbait diskurtsotan. Egia handiak esan, bai; baina jendearen bihotza ukitu ez. Horrelako zerbait ari da gertatzen krisialdi honetan. Gizartea ez dago espezialisten «doktrina erlijiosoaren» zain; baina arretaz entzuten du hitz argi bat, Ebanjelioan inspiratua, biktimen sufrimenduaz sentibera den Elizak esana, senez eta berez halakoen defentsan atera eta, duintasunez bizi ahal daitezen, laguntzarik handiena behar dutenen alde jotzera gizon-emakume guztiak gonbidatzen dakienak esana.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain