JAINKOAREN ONTASUN ESKANDALAGARRIA
Segur aski, udazkena zen eta Galileako herrietan sakon bizi ohi zuten mahats-biltzea. Jesusek plazan ikusi ohi zituen lur propiorik ez zutenak, eguneko ogia irabazteko nork hitzartuko zituen zain. Nola lagundu jende pobre honi Jainkoak guztientzat duen ontasun misteriotsua susmatzen?
Parabola harrigarri bat kontatu zien Jesusek. Ahal zuen soldatapeko guztiak hitzartu zituen jaun batez hitz egin zien. Jauna bera joan zen herriko plazara behin eta berriz, ordu desberdinetan. Lanaldiaren bukaeran, guztiek lan guztiz desberdina izan zuten arren, denario bana eman zien guztiei: bakoitzaren familiak bizitzeko behar zuena.
Lehenengo taldeak protesta egin zion. Ez dira kexu diru gehiago edo gutxiago hartu izateaz. Iraintzen dituena, jaunak «azkenekoak gu bezala tratatu izana» da. Jaunak bozemaile denari eman dion erantzuna miresgarria da: «Zuk inbidia izan behar al duzu ni ona naizelako?».
Parabola hain iraultzailea da non hogei menderen ondoren ez baikara ausartuko, segur aski, gaur oraindik seriostzat hartzen. Egia ote da Jainkoa ona dela, baita beraren aurrera aurkeztean doi-doi dutenak merezimendurik eta egintzarik? Egia ote da beraren aitatasun-bihotzean ez dela pribilegiorik, mahastian lan egin dutenen gutxi asko merezimenduzko lanean oinarriturik?
Gure eskema guztiak koloka jartzen dira Jainkoaren maitasun aske eta ezin atzemana agerian jartzen denean. Horregatik, eskandalagarria gertatzen zaigu, iruditzen zaigunean Jainkoa «jainkozaleez» eta merezimenduz beteak direnez ahaztu egiten dela eta, aitzitik, hurbildu egiten dela Jainkoagandik saririk hartzeko eskubiderik ez dutenengana: bekatariengana alegia, Elkargoa betetzen ez duenengana edo tenplurako sarbiderik ez duten prostituituengana.
Gu, batzuetan, geure kalkuluei begira jartzen gara, Jainkoari guztientzat on izaten utzi nahi ezta. Ez dugu jasaten Jainkoak guztientzat duen maitasun infinitua: badira, uste dugu, horrelakorik merezi ez duten pertsonak. Uste izaten dugu, Jainkoak merezi duena eman beharko liokeela bakoitzari, eta merezi duena soil-soilik. Eskerrak Jainkoa ez den gu bezalakoa. Bere aitatasun-bihotzez, badaki ematen bere maitasun salbatzailea guk maitatu ezin ditugun pertsona horiei ere.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain