JESUSEN LOGIKA
Jesus jadanik pertsona heldua zen, Antipasek Tiberiadesen txanpon berria zirkulazioan ipini zuenean. Dudarik gabe, moneta propioa egin ahal izateak aurrerapena adierazten zuen Galilean, baina ez zuen lortu gizarte zuzenago eta orekatuago bat eragitea. Alderantziz gertatu zen.
Hirietako aberatsek aukera ona zuten orduan beren negozioetan lasaiago aritzeko. Moneta sortu izanak aukera ematen zien segurtasuna, ohorea eta boterea ematen zizkien urre eta zilar-monetak «metatzeko». Horregatik deitzen zioten altxor horri «mammona», segurtasuna ematen duen dirua.
Bitartean, laborariek doi-doi eskuratu zitzaketen brontzezko edo kobrezko, balio eskaseko, moneta batzuk. Pentsaezina zen herrixka batean mammona metatzea. Aski zuten bizirautea, beren artean produktu apal batzuk trukatuz. Kasik beti gertatu ohi denez, aurrerapenak botere handiagoa ematen zien aberatsei eta zerbait gehiago zanpatzen zituen pobreak. Horrela, ez zen posible Jainkoaren erreinua eta beraren zuzentasuna onartzea. Jesus ez zen isildu: «Zerbitzari batek ezin zerbitza ditzake bi nagusi; izan ere, bata zerbitzatuko du eta besteari ez dio kasurik egingo… Ezin zerbitza ditzakezue Jainkoa eta Dirua (mammona)». Hautatu egin behar izaten da. Ez dago beste aukerarik.
Biribil-biribila da Jesusen logika. Norbait Diruaren uztarpean bizi bada, bakar-bakarrik dirua metatzeari emanik, ezin zerbitzatuko du Jainkoa, guztientzat, azkenak direnekin hasita, bizitza zuzenagoa eta duinagoa nahi duen Jainkoa.
Jainkoarena izateko ez da aski herri hautatuko kide izatea, ezta tenpluan kultua eskaintzea ere. Ezinbestekoa da Diruaren aurrean libre eustea eta mundua gizatiarrago egiteko Jainkoaren deia entzutea.
Zerbaitek huts egiten du herrialde aberatsen kristautasunean, gai baikara ongizatea gero eta gehiago handitzen jarduteko, Jesusen mezuaren interpelazioak eta munduko pobreen sufrimenduak hunki gaitzaten utzi gabe. Zerbaitek huts egiten du ezinezko den hau sustatu nahi dugunean: Jainkoari kultua eta Ongizateari kultua.
Zerbait gaizki doa Jesusen Elizan, Jainkoari leial izatea eta aberastasunei kultua ematea ezinezko direla geure hitzaz eta bizitzaz aldarrikatu ordez, erlijio burges eta lasaigarri bat garatuz jendearen kontzientzia lotarazteari ematen badiogu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







