HURBILDU GAITEZEN
Lazaro gizajoa han bertan dago, goseak hiltzen «beraren atarian», baina aberatsak ihes egiten die harekiko harreman guztiei eta oparo bizitzen jarraitzen du, haren sufrimenduari ezikusia eginez. Ez du hartzen eskaleagana hurbilduko lukeen ate hori. Azkenean, ordea, jabetu da, izuturik, «egundoko leize-zuloa» dagoela bien artean. Parabola hau senidearen sufrimenduaz bizi izandako axola-gabekeriaz Jesusek egindako kritika zorrotza da.
Geure inguruan gero eta etorkin gehiago ikusten ari gara. Ez dira parabola bateko pertsonaia. Gizon-emakume haragidun eta hezurdun dira. Beren estutasunekin, premiekin eta esperantzekin daude hemen. Zerbitzari dira gure etxeetan, bide egile dira gure kaleetan. Harrera egiten ikasten ari al gara ala nor bere ongizate txikia bizitzen jarraitzen dugu, arrotz gertatzen zaizkigunen sufrimenduaz axolagabe? Axola-gabezia hau galdu, beraiengana hurbilduko gaituzten urratsak eginez bakarrik galduko da.
Edozein abagunez baliatuz hasi gintezke berorietako batekin hitz egiten, adiskidetsu eta lasai-lasai. Eta delako horren mundua, problemak eta asmoa hurbiletik ezagutzen saiatuz. Zein gauza erraza den konturatzea guztiok Lur baten beraren eta Jainko baten beraren seme-alaba garela.
Funtsezko gauza da barrerik ez egitea beraien ohiturez, isekarik ez egitea beraien sinespenez. Beren izatearen hondo-hondoko gauza dituzte horiek guztiak. Beraietako askok harrituko gintuzketen bizi-zentzua, solidaritate-zentzua, jai edo harrera-zentzua dute.
Saihestu beharra dugu edozein hizkuntza diskriminatzaile, ez mespretxatzeko ez kolore, ez arraza, ez sinespen, ez kulturarik. Gizatarrago egingo gaitu askotarikotasunak eragin ohi duen aberastasuna biziro esperimentatzeak. Iritsi da ordua, munduan «herrixka globala» edo guztien «etxe komuna» delakoan bezala bizitzen ikastekoa.
Beren akatsak dituzte, gu bezalakoak dira eta. Eskatu beharra dugu gure kultura errespeta dezaten, baina aitortu beharreko ditugu beraien eskubideak: legaltasuna, lana, etxebizitza edota familiakoak berriro elkartzea. Eta oraino lehenago, hautsi beharrekoa dugu «leize hori», gaur egun herri aberatsak eta pobreak bereizten dituen hori. Gero eta atzerritar gehiago biziko da gurekin. Aukera ona dugu toleranteago, zuzenago eta, hitz batean, gizatarrago izaten ikasteko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






