FEDE BIZIAGOA JESUSENGAN
«Handitu iezaguzu fedea». Horixe eskatu diote apostoluek Jesusi: «Gehitu iezaguzu fedea, duguna baino handiago bihurtuz». Sentitu dute txikitatik Israelen bizi izan duten fedea ez dela behar hainbatekoa. Fede tradizional horri «zerbait gehiago» gehitu behar diote Jesusi jarraitzeko. Eta zein Jesus bera baino hobeago beraien fedeari falta zaiona emateko?
Hein batean enigmatikoa den erantzuna eman die Jesusek: «Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi Atera hortik eta landatu itsasoan esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke». Ikasleek fede-dosi berri bat eskatu diote, baina ez da hori behar dutena. Honetan datza bizi duten problema: bihotzean duten egiazko fedea ez dela iristen «mostaza-hazi» adinakoa izatera ere.
Jesusek diotse: inporta duena ez da fede-kantitatea, kalitatea baizik. Zaindu dezazuela zeuen bihotzean fede bizi, indartsu eta eraginkor bat. Esan duena ulertzeko, arbolak «ateratzeko» adinako fedea eskatzen du: adibidez, pikondoa edo sikomoroa, sendotasunaren eta egonkortasunaren sinbolo den hori, ateratzeko eta ondoren Galileako aintziran «landatzeko».
Kristauok gaur egin behar dugun lehenengo gauza, ez da gure fedea, mendetan barna formulatu dugun doktrina guztiari lotua, «handitzea». Funtsezko gauza, geure baitan Jesusekiko fede bizi eta indartsua eraberritzea da. Inporta duena ez da gauzak sinestea, baizik eta Jesusengan sinestea.
Jesus da Elizan dugun gauzarik hobena, eta gaurko munduari eskaini eta komunikatu diezaiokegun gauzarik hobena. Horregatik, ezer ez kristauentzat premiazkoagorik eta funtsezkoagorik kristautasunaren erdigunean Jesus bera jartzea baino, hau da, geure elkarteen erdigunean eta geure bihotzean.
Horretarako, bera era biziago eta zehatzagoan ezagutu beharra dugu, beraren egitasmoa hobeto ulertu beharra, hondo-hondoko beraren asmoa atzeman beharra, berarekin sintonizatu beharra, bere lehen jarraitzaileengan piztu zuen «sua» berreskuratu beharra, geure burua kutsatu beharra berak Jainkoaz zuen grinaz eta azkenak direnentzat zuen gupidaz. Horrela ez bada, gure fedeak «mostaza hazia» baino txikiagoa izaten jarraituko du. Ezin «aterako ditu» arbolak, ezta berriro «aldatu» ere.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






